Antondegi berdegunean 3.000 etxebizitza eraiki behar direla dio PPk
Antondegi gaineko ikuspegia. Joseba Parron Borja Corominas Donostiako PPren bozeramaileak agerraldia egin zuen igandean Martuteneko Antondegi eremuan, bertan 3.000 etxebizitza eraiki behar direla aldarrikatzeko: “3.000 familia donostiar Antondegin bizi beharko lirateke dagoeneko”.
Hain zuzen ere, etxebizitzaren arazoa konpontzeko, “eraiki” egin behar dela nabarmendu zuen Corominasek. Gogoratu behar da, hala ere, egungo klima larrialdiaren egoeraren aurrean, hirigintza irizpide moderno gehienek hirietan artifizializatu gabeko eremuak ez artifizializatzearen aldeko apustua egiten dutela, eraikitako hirian eraginez.
Antondegin dagoeneko 3.000 etxebizitza ez egotearen “errudunak” EAJ eta PSE-EE Donostiako gobernukideak direla salatu zuen Corominasek: “Horrela ez da konpontzen etxebizitzaren arazoa”. Hain justu, PPkoak esan zuen etxebizitzaren auziaren aurrean, bi irtenbide daudela: “Alokairuak mugatzea eta edozein etxegabetze debekatzea” planteatzen duen irtenbidea, popularraren ustez “inoiz funtzionatu ez duena”, eta “etxebizitzak eraikitzea” planteatzen duena.
Horrela, PPk eraikitzearen alde egiten duela nabarmendu zuen bozeramaile popularrak: “Etxebizitza gehiago eraikitzea, prozesu administratiboak eta burokratikoak arintzea eta maizterra eta jabea babestea”.
Berdegunea, etxebizitzak edo surf parkea
Berdegune handi bat da Antondegi, eta bertan 3.000 bat etxebizitza eraikitzea jasotzen du oraindik indarrean dagoen 2010eko Donostiako hiri antolamenduko plan orokorrak (HAPO). Urteotan, ordea, ez da garatu, eta bertan surf parke artifizial bat eraikitzeko proiektua ere egon zen mahai gainean, urte luzez; horrek harrabotsa sortu zuen Donostian, eta asko izan ziren “Antondegi berdea” aldarrikatzen aritu ziren herritar eta eragileak.
Hain zuzen ere, Antondegi landa eremu gisa izendatuko zuela iragarri zuen udalak 2024an, eta, beraz, berdea izaten jarraituko zuela. Berriki, aldiz, Antondegiko hirigintza garapena berreskuratzeko asmoa adierazi du Eusko Jaurlaritzak, Denis Itxaso sailburuaren ahotik.

