Antondegiko etxebizitzen proiektua berreskuratu nahi du Jaurlaritzak; udalak dio «donostiarrek erabakiko dutela»
Donostiako Udalak baztertu egin zuen Antondegi berdegunean etxebizitzak eraikitzeko egitasmoa, baina mahai gainean jarri du, berriz ere, Eusko Jaurlaritzak.
Antondegiko belazeetan nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak egiten dituzte. Haritzalde Saltsa berriro ere etxebizitzari loturiko proiektuekin, Eusko Jaurlaritzak dioenari erantzuna eman baitio, azkar batean, Donostiako Udalak. Gaur goizean, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak iragarri du Antondegiko magalean, Martutenen, 3.000 etxebizitza eraikitzeko egitasmoa berreskuratuko dutela. Insaustik eguerdian erantzun dio Plan Orokorraren barruan dagoela auzia, eta “donostiarrok erabakiko dugula”.
Bi urtean behin egiten den Europan arkitektura eta hirigintza lehiaketaren 19. edizioan kokaleku gisa sartzeko proposatu du Jaurlaritzak Antondegiko eremua. Helburua da, gutxi gorabehera urtebeteko epean, 3.000 etxebizitza inguru izango dituen “ekoauzo berri bat diseinatzeko nazioarteko proposamenak biltzea”. Vienan iragarri du Itxasok asmoa, aste honetan egiten ari den bidaia instituzionalean, etxebizitza publikoaren eta eskuragarriaren arloko lankidetzan oinarritua.
Udalaren erantzun azkarra
Hauteskundeak gertu dauden honetan ohikoa izaten ari den moduan, Jaurlaritzak egindako adierazpenak azkar batean erantzun ditu Donostiako alkate Jon Insaustik. Argitaratutako oharrean esan duenez, jada hitz egin du Itxasorekin eta “elkarrekin lan egiteko prest” dagoela adierazi dio. “Etxebizitzak ekimena, lankidetza eta erabakiak eskatzen ditu. Donostiarrei irtenbideak eskaintzen lagunduko duten proposamen guztiak ongietorriak dira. Udala lanean ari da, eta ahaleginak batu nahi ditugu lan horrek etxebizitza bat eskuratzeko benetako aukerak ekar ditzan. Beti defendatu dut lau eskuk bik baino gehiago egiten dutela”, adierazi du.
Edonola ere, nabarmena izan da udalak posizio bat markatzeko beharra, eta, alde edo kontra dagoen argitu gabe, honakoa azaldu du Insaustik: “Proposamen guztiak ongietorriak dira, eta donostiarrok erabakiko dugu Donostiaren etorkizuna, herritarren eta Udaleko ordezkarien parte-hartzearen bidez. Bizilagunen ekarpenak entzungo ditugu, erakundeekin lan egingo dugu eta Osoko Bilkurari dagokio plangintzari buruzko udal-erabakiak hartzea. Erakundeen arteko lankidetzak eta hiriaren erabakiak eskutik helduta egin behar dute aurrera”.
2010eko plan orokorra
Jaurlaritzak gogoratu duenez, indarrean dagoen hiri antolamendurako plan orokorrak (HAPO), 2010ean onetsitakoak, etxebizitza publikoen ehuneko handiko bizitegi garapena aurreikusten du eremu horretan. Antolamenduak 283.000 metro karratuko bizitegi eraikigarritasuna aurreikusten du, eta tamaina horrek eremu osoan 3.000 etxebizitza inguru garatzea ahalbidetuko luke, beti ere Jaurlaritzaren interpretazioaren arabera.
Eremuak 972.737 m²-ko azalera du guztira, eta Eusko Jaurlaritzak, Visesaren bitartez, 286.850 m²-ko azalera du, multzoaren % 30, gutxi gorabehera. Zehazki, 283.000 m²-ko bizitegi-eraikigarritasun ordenatutik, 8.169 m² lehendik dagoen etxebizitza libreari dagozkio, eta gainerako 274.811 m²ek bizitegi-eraikigarritasun berria osatzen dute. Eraikigarritasun berri horren gainean, gutxi gorabeherako banaketa planteatzen da babes ofizialeko etxebizitzen (62%), etxebizitza tasatuen (25%) eta etxebizitza libreen (13%) artean.
Eusko Jaurlaritzak eremu horretan parte hartuz gero, asmoa da 160.786 m² “bizitegi-sabai sortze”a, 1.110 etxebizitza babestu bultzatzeko: babes ofizialeko 789 etxebizitza eta 321 etxebizitza tasatu, guztira 1.110 babestu eta 1.890 libre.

