EH Bilduren zuzenketak udalaren aurrekontuei: 20 milioi euro etxebizitza publikorako
EH Bilduk osoko zuzenketa egin dio Udal Gobernuaren aurrekontu proiektuari; 34 milioi euroko zuzenketa sorta aurkeztu du, etxebizitza eta auzoetako proiektuak indartzeko.
EH Bilduren zinegotziak, osoko bilkuran.EH Bildu Donostiako Udal Gobernuak 502,1 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du 2027rako, aurreko urtekoa baino % 1,22 handiagoa. EAJren eta PSEren proposamenak gizarte-zerbitzuak, garraio publikoa eta hiriko mantentze-lanak ditu ardatz. EH Bilduk, ordea, osoko zuzenketa bat eta 101 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, etxebizitzan eta auzoetan inbertsio handiagoak egiteko.
Udal Gobernuak 43,5 milioi euro bideratu nahi ditu gizarte zerbitzuetara, aurreko urtean baino % 8,9 gehiago, eta 38,8 milioiko ekarpena egingo dio Dbusi. Hiriko mantentze lanek, berriz, 111,5 milioi euroko aurrekontua izango dute.
Etxebizitzari dagokionez, udalak 5,3 milioi euro aurreikusi ditu 2027an Etxegintzaren inbertsio programan, etxebizitza babestuak eta zuzkidura bizitokiak sustatzeko. Hirigintza proiektuetarako, berriz, 22,9 milioi euro aurreikusi ditu 2027tik 2030era bitartean.
EH Bilduk, bere aldetik, 21,1 milioi euroko neurriak proposatu ditu etxebizitzaren arloan, besteak beste, lurzorua erosteko, eraikinak birgaitzeko eta etxebizitza babestuak sustatzeko. Amara kaleko bi lurzatitan babes ofizialeko 20 etxebizitza eraikitzea ere planteatu du.
Auzoetan, 6,1 milioi euroko inbertsioak proposatu ditu EH Bilduk, Bidebietako kultur etxea, Altzako udaletxe zaharraren egokitzapena eta Amara Berriko haurreskola sustatzeko, besteak beste. Mugikortasunean, 1,7 milioi euro planteatu ditu, Intxaurrondo eta Intxaurrondo Hegoa lotzeko “Intxaurbus” linea barne.
Eta turismoari dagokionez, adierazi dutenez, “nahiz eta herritarren gehiengoak esan Donostia gainezka dagoela” eta “gelditu egin behar dugula eredua birpentsatzeko”, salatu dute “sustapenerako partidak mantendu” egingo direla: “Zentzu honetan, 2030eko Munduko Futbol Txapelketarako aurreikusitako sustapen guztiak bertan behera uztea eskatzen dugu”.
Kritikak
Koalizioak aurrekontu proiektua kritikatu du, bere ustez ez dituelako behar bezala jasotzen etxebizitza krisiari aurre egiteko neurriak eta herritarren parte hartzean onartutako hainbat proiektu. Horren harira, aurrekontua betearazteko araua aldatzea eskatu du, gastu soziala bermatzeko eta onartutako konpromisoak bete daitezen.
EH Bilduk salatu du udalak hainbat moziori argi berdea eman zaien arren, ez daudela aurrekontuetan, eta “beste horrenbeste lau aldiz ‘saldu’ diren baina gauzatu gabe jarraitzen duten proiektuei buruz”. Koalizioak dio “arduragabea” dela eta “gaitasun falta nabarmena” erakusten duela.
Azkenik, parte hartze eredua ere jarri dute ezbaian: “EAJk eta PSEk parte hartzera ‘animatzen’ dituzte donostiarrak, baina errealitatea oso bestelakoa da eta datuekin frogatuta gelditzen da ez dagoela borondaterik: 2024tik geldirik daude eta proiektu horien % 90ak gauzatu gabe jarraitzen du”.
Eskua luzatuta
EH Bilduren eskua “luzatuta egongo” dela ziurtatu dute, “baldin eta konpromisoz eta arduraz lan egiten bada, donostiarrak erdigunean jartzen badira eta emandako hitza betetzen bada”. Zentzu horretan, Udal Gobernuaren aldetik inolako eskaintzarik jaso ez dutela jakinarazi dute, “bat izan ezik”. Oharrean adierazi dutenez, bezperan “in extremis” datorren astean bilera bat egiteko gonbita jaso dute, “ekarpenak erregistratzeko epea iraungita dagoelarik”.

