Martuteneko Dbusen erabiltzaileen eskubideak aldarrikatuko dituzte
Martutene pasealekuko geltokietako bat kendu dute; soilik autobusak gelditzeko tokia mantendu dute. Inaxio Esnaola Dbusen eguneroko erabiltzaileak diren Martuteneko herritarrei entzun ondoren, Sarroeta auzo elkarteak protesta bat egingo du ostegunean, hilaren 22an. Martuteneko Larrunmendi geralekuan hartuko dute autobusa 17:30ean, eta Elkano kaleko geltokira 18:00etarako iristea aurreikusten dute.
“Autobusa bete eta Bulebarrera joango gara elkarretaratzera eta prentsa agerraldi bat egitera”, iragarri du auzo elkarteak. “Martuteneko Dbuseko erabiltzaileek eskubideak ditugu, eta ezin dugu hainbeste denbora galdu gure hiriko garraio publikoan 4 km egiteko”, deitoratu dute.
Aspaldiko eskaerak eta beste hainbat aldarrikapen eramango dituzte Martutenetik hirira. Batez ere, 26. linearen ingurukoak dira: maiztasuna hobetzea, zuzeneko autobus berezi bat jartzea, gaueko zerbitzuaren luzapena eta Etxarriene aldetik itzultzea.
Martutenetik Bulebarrera iristeko gaur egungo denborak 35-45 minutukoak dira. 15 minututik gorako itxaronaldia lanegunetan, eta 20 minututik gorako itxaronaldia jaiegunetan. “Lehenago iristen gara Eibarrera, Bulebarrera baino”, adierazi dute. Zuzeneko autobus bereziaren eskaerari dagokionez, 30 minutuero izatea nahi dute, bost edo sei geltokiko ibilbidea eginez.
Gaueko zerbitzuaren kasuan, ohartarazi dute Martutene autobus zerbitzurik gabe geratzen dela 21:40ean: “Martutene kirol elkarteko langileak, gazteak eta ikasleak garraiorako aukerarik gabe geratzen dira. Horrek ez dio laguntzen ez merkataritzari, ez ostalaritzari, ez Martuteneko bizitzari”. Bestalde, Etxarriene aldetik itzultzea eskatzen dute, azken geltokia Martuteneko erdialdean dago, eta auzoaren heren bat uzten du zerbitzurik gabe. “La Moraleja izeneko ingurunean mugikortasun urriko bizilagunak daude, eta oinez 500 metro baino gehiago egin behar dituzte”, nabarmendu dute.
Bestalde, 31 linea Martutenera sartzea nahi dute. Autobus horrek 27. industrialdean egiten du geldialdia, eta auzo elkarteak dio minutu batzuetako tartea duela auzora sartzeko eta Ospitalera aldaketarik egin gabe joateko. “Kontuan hartu behar da 26 lineak Martutenetik erdialderaino zazpo auzo zeharkatzen dituela, eta hogei geldialdi egiten dituela. Geraleku gehienak Erdialdean eta Amaran daude”, azaldu dute.
Defizitarioa
Sarroeta auzo elkarteak Donostiako Mugikortasun Sailaren jarrera kritikatu du, 26 linea defizitarioa dela esan dutelako. “26 linearen memoriak kontrastatu ditugu, eta txostenek adierazten dute nabarmen handitu dela erabiltzaile kopurua eta lehenengoen artean dagoela. Kontuan hartu behar dugu, Euskotren ez daukagula, eta Renfe oso murriztua obrak direla eta. Urrutien dagoen auzoa da, eta beste alternatibarik gabe”, deitoratu dute.

