Realak balentria errepikatu du, Bartzelona mendean hartuta
Txuri-urdinen asteburua izan da, mutilen futbol taldeak eta nesken belar hockeykoak ere alde nabarmenarekin irabazi dutelako.
Txuri-urdinen ospakizuna, liderrari Zubietan irabazi ondoren.Reala Munduko futbol talde onenetako bat bi urtez jarraian gainditzea ez da kasualitatea. Realeko neskek Bartzelona liderrari irabazi zioten atzo, berriz ere, Zubietan (2-1). Erasoan eta defentsan egindako neurketa paregabe bati esker, urrezko hiru puntu eskuratu zituzten txuri-urdinek. Lehen zati bikainari esker errepikatu zuten balentria. Cecilia Marcos donostiarrak eta Ainhoa Marin kataluniarrak egindako golak ikusgarriak izan ziren, bietan Nerea Eizagirre kapitainaren pase bikainak aprobetxatuta. Kataluniarrak nahi eta ezin aritu ziren, beste behin ere, eta sasoiko lehen porrota jasan zuten —pasa den denboraldian, soilik Zubietan galdu zuten—. Garaipenari esker, Reala sailkapenean gora begira jarri da.
Mutilen talde txuri-urdinak, berriz, beste neurketa zoro bat irabazi zuen Malagaren zelaian, gol festa baliatuta (2-5). Erraz bideratu ohi dutena zailtzeko joera mantenduta, andaluziarrek ezustekoa emateko modua bilatu zuten, markagailua 1-2 eta 2-3 jarrita. Ordea, Mikel Oiartzabal kapitaina uxatu zituen mamuak bi gol erabakigarrirekin. Beste hiru golak Kubok, Oskarssonek eta Guedesek egin zituzten. Ligako azken hiru neurketak irabazita, txuri-urdinek 16 puntu dituzte eta sailkapen orokorreko bosgarren tokian daude. Europan ere irabaztea falta zaie, eta ostegunean saiatuko dira hori lortzen Lillestromen aurka, Oslon.
Belar hockeyan, hirugarren garaipena jarraian irabazi du Realak, orain arteko mailari onena emanda. Atletic Terrasa menderatu zuten Zubietan (3-0), eta sailkapenean gora egiten jarraitzen dute. Federica Cartak, Luciana Molinak eta Leire Zubizarretak egin zituzten golak.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek sekulako nagusitasunarekin irabazi zioten Gasteizko Tartalori (16-0). Bi taldeen arteko alde nabarmena agerian geratu zen Anoetako izotz jauregian jokaturiko norgehiagokan. Sailkapen nagusiko bigarren tokira igo dira donostiarrak.
Saskibaloian, asteburu beltza izan da Donostiako bi ordezkarientzat, arerio beraren aurka. Ibaeta Basketek denboraldiko lehen partida galdu zuen Gaskan, Mallorcaren aurka, markagailuan denbora guztian atzetik ibili ondoren (59-71). Askatuak Gipuzkoa Basketek, berriz, irabazteko aukera gehiago izan zituen, atsedenaldira eta hirugarren laurden bukaerara aurretik iritsi zirelako. ordea, azken laurdenean galdu zuten Mallorcaren kontrako partida (90-94).
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
- Reala 2 – Bartzelona 1
Gizonezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
- Malaga 2 – Reala 5
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 5. jardunaldia
- Reala 3 – Atletic Terrassa 0
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Txuri Urdin 16 – Tartalo 0
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 4. jardunaldia
- Askatuak Gipuzkoa Basket 90 – Mallorca 94
Emakumezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
- Ibaeta Basket 59 – Mallorca 71

