'Shin Chan' euskalduna omenduko du Animedon topaketak
Hiru estreinaldik, omenaldi batek, erakusketa batek eta zuzeneko podcast batek osatuko dute Beldurrezko Asteak animazio japoniarrari eskainitako programazioa.
'Shin Chan' telesaila.Makusi 37. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak hirugarrenez antolatu du Animedon Donostiako Anime Topaketa. Urriaren 26tik azaroaren 6ra bitarte izango da, eta Shin Chan anime ezaguna omenduko dute, besteak beste. Izan ere, azaroaren 16an 25 urte beteko dira ETB1ek euskarazko telesaila estreinatu zuenetik.
Akira Toriyamaren Dragoi Bola-rekin, eta Doraemon-en egile Fujiko Fujioren lan sorta batekin egin zen moduan, animeko haur bihurriena izango da protagonista urriaren 31n, Viktoria Eugenian (12:00). Saio nostalgiko baten bidez, 1990eko hamarkadako hiru atal proiektatuko dituzte, telesailaren animazioaren bilakaera erakusteko.
Irati Errandonea kazetaria izango da aurkezlea, eta gonbidatu berezi bat egongo da: Nekane Sarobe bikoizlea, Sinnosuke Nohara Shin Chan pertsonaiaren euskarazko ahotsa. Halako pertsonaia bat bikoiztearen atzean dagoen lanaren berri emango du. 500 atal baino gehiagotan jarri zion ahotsa bost urteko mutiko bihurriari.
Crayon Shin Chan edo Shin Chan —horrela deitzen zaio Mendebaldean—, manga bat eta komediako anime bat da. Telesaila 1992an hasi ziren eskaintzen Japonian, eta gaur egun ere aktibo jarraitzen du, 1.300 atal baino gehiagorekin. Euskarazko telesailak eragin zuzena izan zuen garaiko haur eta gazte belaunaldien artean. Bere makulu, hitz eta txisteetako batzuk, eta pertsonaia batzuk —Misae ama, Hiroshi aita, Himawari arreba eta Elur txakurra—, belaunaldi oso baten iruditeria herrikoiaren parte dira orain.
Viktoria Eugeniako saioaren sarrera doakoa izango da, eta gonbidapenak hilaren 26ko 11:00etatik aurrera eskuratu ahalko dira antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, eta Donostia Kulturaren webgunean.
Hiru estreinaldi
Gainerako programazioari dagokionez, hiru film luze estreinatuko ditu Animedon topaketak, urriaren 30etk azaroaren 1era bitartean, Beldurrezko Astearen baitan. Atal hau hilaren 30ean, ostirala, inauguratuko dute Yukihiro Miyamoto eta Akiyuki Shinboren Puella Magi Madoka Magica (2026) filmarekin. Izen bereko anime sailari bukaera ematen dion tetralogiaren laugarren filma da. Kultuko obra honek magical girls azpigeneroa irauli zuen, kutsu helduagoa eta etsigarriagoa ematean.
Hilaren 31n, berriz, Goro Kujiren Peleliu – Guernica of paradise (2025) eskainiko dute. Benetako oinarri historiko batekin, filmak Peleliu uhartean, Ozeano Barean, gertatu zen bataila irudikatzen du, 10.000 borrokalari japoniar 50.000 tropa estatubatuarren aurka jarri zituena.
Azkenik, azaroaren 1ean —Japoniako zinema areto komertzialetara iritsi baino bost egun lehenago—, Grotesqqque (2026) estreinatuko dute. Atsushi Nishigorik idatzi eta zuzendua, fantasiazko eta zientzia fikzioko hiru istorio independentez osatutako film antologikoa da, hainbat emakume protagonista dituena.
‘Flop Kultura’
Zuzeneko podcast bat ere izango du Animedon topaketak. Hain zuzen ere, Flop Kultura podcasta zuzenean eskainiko du Eneko Garcia (Albina Stardust) eta Danel Galdaera (Divina Comedia) bikoteak. Hilaren 26an izango da emankizuna, Viktoria Eugeniako Klub aretoan (19:00). Anime sailek haien haurtzaroan eta identitatean izan duten eraginaz hitz egingo dute, bai euskarara bikoiztuak izan zirenek, bai bakoitzak bere bidean aurkitu izandakoek. Shin Chan eta trabestismoaz, Dragoi Bola eta indarkeriaz, Evangelion eta ikonografia erlijiosoaz arituko dira, besteak beste.
Deabruen erakusketa
Animedon topaketak erakusketa berezi bat izango du: Hyakki yagyō, Ehun deabruen gaueko desfilea. Naturaz gaindiko japoniar munduan murgiltzeko aukera emango du, Fuego Fatuo Arten (Alvaro Herranz) lana ezagutuz. Japoniako folklorean barrena bidaiatzeko aukera emango du, japoniar artea, literatura eta ahozko tradizioa blaitzen duten yōkai, munstro eta naturaz gaindiko izakien 20 eskultura eta argazki baino gehiagoren bidez.
San Jeronimo kaleko Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan ikusi ahal izango da azaroaren 15era bitarte.

