Insaustik kalitatezko botoa erabili du Amenabarri adjudikatzeko Infernuko etxebizitzak
Ibaetako Infernua auzuneko lanak.EH Bildu Donostiako Etxegintzak Amenabar enpresa pribatuari adjudikatu zion atzo Ibaetako Infernua eremuko 236 etxebizitza babestuen eraikuntza. Jon Insausti alkateak esleipenaren “berri ona” emanez hasi zuen Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldia. Naiz atariak, ordea, Etxegintzaren administrazio kontseiluan gertaturikoa azaleratu du. Izan ere, alkateak kalitatezko botoa erabili zuen Infernuko bi lursailak Amenabarren esku uzteko.
Etxegintzako administrazio kontseiluan hamar boto daude: EAJk lau ditu, EH Bilduk eta PSE-EEk bina dituzte, eta PPk eta Elkarrekin Donostiak bana. Aipaturiko adjudikazioaren bozketan, berdinketa gertatu zen. EAJk eta PPk Infernuko lursailak enpresa pribatu bati ematearen alde bozkatu zuten, eta gainerakoek kontra. Izan ere, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Donostia hasieratik agertu dira lursail horiek Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko. Berdinketa hori desegiteko erabili zuen Insaustik alkate gisa duen kalitatezko botoa.
EH Bilduren ekimenez, pasa den apirilean Infernuko bi lursailak Eusko Jaurlaritzari lagatzea proposatu zuten, eta horrekin bat egin zuten PSE-EEk eta Elkarrekin Donostiak. Etxebizitza babestu guztia, tasatua barne, alokairu sozialera bideratzea eskatu zuten. Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua prest agertu zen aurreikusitako 270 etxebizitza publikoak eraikitzeko. Insausti, ordea, horren kontra agertu zen, lehentasuna “klase ertaineko donostiarren etxebizitza eskaerari azkar erantzutea” zelako, eta lursailen lagapenak “atzerapena” eragingo zuelako.
Hilabete geroago, maiatzeko osoko bilkuran, Donostiako Udalbatzaren gehiengoa Infernuko lursailak Eusko Jaurlaritzaren esku uztearen alde agertu zen. EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Donostiak haien eskaera berretsi zuten, 27tik aldeko hamabost botorekin, eta kontra bozkatu zuten EAJk eta PPk. Hain zuzen ere, gauza bera gertatu zen Etxegintzaren atzoko administrazio kontseiluan, baina alkateak bere abantaila baliatu zuen gehiengoaren erabakia ez betetzeko.

