Lizarra kaleko komunitatea «ez da konformatzen» alkatearen hitzekin
Lizarra kaleko McDonald's jatetxearen lanak.Lizarra kaleko komunitatea Jon Insausti alkateak Lizarra kaleko McDonald’s jatetxea irekiko dutela baieztatu ondoren, Amarako kale horretako bizilagunek osaturiko komunitateak oharra plazaratu du. Alkatearen hitzekin “ez dira konformatzen”, eta harekin bildu nahi dute dituzten proposamenak aurkezteko.
“Ez dugu eskatzen helduei nahi duten lekuan jatea debekatzeko. Galdetzen ari gara ea egokia den horrelako establezimendu bat jartzea 2.200 ikasle dituen ikastetxe baten aurrean”, adierazi dute. Izan ere, Aldapeta ikastetxetik metro gutxira zabalduko dute Lizarra kaleko McDonald’s jatetxea. “Alkateak berak esan du hiriak lehenik aukera osasungarrienak eskaini behar dituela. Bat gatoz printzipio horren garrantziarekin, baina jakin nahi dugu nola gauzatzen diren erabaki zehatzak eskola inguruneaz eta adingabeen babesaz hitz egiten dugunean”, gaineratu dute.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak esan zuen lizentzia bat ezin dela ukatu jarduerari buruzko iritziengatik eta lehentasunengatik. Horrekin ados agertu da komunitatea: “Administrazio erabakiek legea errespetatu behar dute eta irizpide objektiboetan oinarritu. Halere, gure eskaera ez da McDonald’s-en aurka arbitrarioki jardutea. Lizarrako establezimenduari aplika dakizkiokeen baldintza guztiak zorrotz egiaztatzeko eskatzen dugu, eta egungo kasuan jarduteko aukera eman dezaketen bide juridiko guztiak aztertzeko”.
Gogoratu behar da sinadura bilketa bat abiatu zutela, eta dagoeneko 1.500 baino gehiago jaso dituztela.

