Urrunago joanda, lehen garaipena gertuago du Realak?
Norvegiako Lillestrom taldearen kontra jokatuko dute txuri-urdinek, Europa ligako ligaxkako hirugarren jardunaldian (21:00).
Beñat Turrientes txuri-urdina Union Saint-Gilloiseren kontrako partidan, Lovainan.Reala Europan irabazi gabe jarraitzen du Realak, eta hirugarrenean lortzen ahaleginduko da. Europa ligan galdu eta berdindu ostean, ligaxkako hirugarren jardunaldian irabaziko al dute? Urrunago ariko dira gaur, Norvegian, bertako Lillestrom talde apalagoaren Arasen zelaian (21:00). Garaipena gertuago sentitzen ahaleginduko dira.
Orain arte puntu bakarra batuta, hiru puntuak lortzeko premia dute donostiarrek. Batez ere, Europa ligako ligaxkako zortzi onenen artean sailkatu nahi badute. Ez irabazteak nabarmen zailduko luke helburu hori. Ordea, partida errazik ez da Europan, eta gaurkoak errazagoa dirudien arren, aurrez aurre izango duten taldea gainditzea kostako zaie.
Pasa den sasoian Norvegiako bigarren mailan aritu ondoren, Lillestromek kopa irabazi eta lehen mailara igotzea lortu zuen. Hans Erik Odegaard entrenatzailea buru dutela —Martin Odegaard txuri-urdin ohiaren aita—, talde lehiakorra da.
Realari dagokionez, bigarren taldeko bi jokalari dira nobedade nagusiak: Marchal eta Lebarbier —Herrera ez delako guztiz osatu—. Horrela ere, Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak Union Saint-Gilloiseren aurka aritu ziren gehienak zelairatu ditzake hasieratik. Europa ligako atezaina Marrero dela dirudi, eta okerrik ezean bera ariko da atean. Gainerakoei dagokienez, atzeko lerroa Gomez, Sarr, Jon Martin eta Zubeldia jokalariek osatu dezakete. Erdian, berriz, Turrientesen aldeko apustua egin dezake entrenatzaileak, Solerrekin batera. Gorrotxategiren partaidetza ere ezin da baztertu. Hirukoa Sucicek osatuko duela dirudi. Azkenik, erasoan Oiartzabal kapitaina eta Guedes espero dira, eta hirukoa Ochieng gazteak borobildu dezake.

