«Uste dut iazko denboraldia hobetu dezakegula»
Ligan maila onean aritzea eta koparako sailkatzea du helburu Ainhoa Huegunek (Parte Zaharra, 2003). Horretarako, Realeko belar hockey taldeko jokalariak argi dauka bolada onei jarraipena eman behar dietela.
Ainhoa Huegun Realeko jokalaria, Zubietan jokaturiko neurketa batean.Reala Azken hiru partidak jarraian irabazita, konfiantza hartu du taldeak?
Zalantzarik gabe. Gure ligan hiru partida jarraian irabaztea ez da batere erraza. Garaipen hauek konfiantza ematen dute. Talde mailan, uste dut motibazio estra bat dela ikustea eguneroko lanak bere fruituak ematen dituela. Halere, argi daukagu ezin garela lasaitu. Ligan edozer gerta daiteke. Beraz, bolada eta dinamika honekin jarraitzea espero dugu.
Batez ere, Atletic Terrasaren kontrakoak irabazitakoak du balio berezia. Orain arteko neurketa onena eta osoena izan zen?
Bai, partida ona jokatu genuen. Normalean kostatzen zaigun aurkaria da, eta haiei hiru gol sartuta irabaztea garrantzitsua da guretzat. Batetik, puntuei eta sailkapenari begira, eta, bestetik, taldearen konfiantza indartzeko. Talde osoak egindako lanaren emaitza izan zen, eta hori da segitu beharreko bidea.
Urtetik urtera, taldeak koska bat gorago jotzeko helburua du. Sasoi honetan, zeintzuk dira ezarritako helburuak?
Lehen itzuliko helburu nagusia koparako sailkatzea izan ohi da. Horretarako, sailkapeneko lehen zortzi sailkatuen artean bukatu behar dugu. Une honetan, seigarren postuan gaude, eta horrela jarraituz gero, kopa jokatu ahal izango dugu. Bigarren itzuliarekin batera, asteburu batean jokatzen dugu txapelketa, eta titulu bat irabazteko aukera on bat da. Gainera, oso polita izaten da.
Joan-etorriei dagokienez, bost jokalarik utzi dute taldea eta Sofia Keenan aurrelari gaztea da fitxaturiko bakarra. Harrobiko bi jokalari ere igo dira lehen taldera: Anari Madariaga eta Marta Lertxundi. Taldeak nabaritu ditu aldaketak?
Lehenik, harrobiko jokalarien ekarpena nabarmendu nahiko nuke. Ni ere harrobikoa naiz, eta badakit zein garrantzitsua den lehen taldearen dinamikan sartzea. Joandako jokalariei dagokienez, beti nabaritzen da haien hutsunea, baina urtero lortzen dugu taldea berrosatzea.
Keenan dagoeneko hasi da erakusten duen kalitatea.
Bai, eta horren erakusle dira Taburienteri egin zizkion bi golak. Horrelako jokalariek Realaren maila igotzen dute, eta seguru nago Sofi erabakigarria izango dela erasoko jokoan.
Zu atzelaria zara. Zenbatgarren denboraldia duzu Realarekin?
Ez nago erabat ziur, baina nire bederatzigarrena dela uste dut. Egia esan, oso pozik nago etxeko taldearekin jokatzeko aukera dudalako. Niretzako polita da Realaren parte izatea, eta urtetik urtera taldeari laguntzea.
Helbururik jarri diozu zeure buruari?
Realarekin denboraldi ona egitea, eta koparako sailkatzea. Horrekin batera, ligan ahalik eta posturik onenean bukatzea gustatuko litzaidake. Gainera, uste dut iazko denboraldia hobetu dezakegula.

