«Argiago dugu zer joko erakutsi nahi dugun hurrengo partidetan»
Realak bigarren urtez jarraian menderatu du Bartzelona, Zubietan jokaturiko ligako partidan. Nahia Aparicio (Tolosa, 2004) atzelari txuri-urdinaren arabera, pasa den asteburuko balentriak konfiantza eman dio taldeari. Liga, Europa kopa eta kopa lehiatzea dute helburu.
Nahia Aparicio Realeko futbol jokalaria.Reala Bartzelonari bi urtez jarraian eta Zubietan irabazteak mirari bat dirudi. Barneratu duzue berriz ere lorturiko garaipena?
Pixkanaka ari gara barneratzen, bai. Taldeak sekulako lana egin zuela uste dut, partida oso txukuna. Denok plan berdina jarraitu genuen, sinistu genuen eta ondo atera zen.
Zeintzuk izan ziren gakoak zure ustez, markagailua irauli eta Bartzelona menderatzeko?
Nire ustez, defentsako lanean oso ondo aritu ginen, nahiz eta lehen minutuetan nire aldaratze oker batengatik, markagailuan atzetik jarri. Horrela ere, akatsa berehala ahaztu, eta jokalarion arteko komunikazio onari esker, erasoko trantsizioetan asmatu genuen. Izan ere, Bartzelonak bizkarrean espazio asko uzteko joera du, eta hori aprobetxatu genuela uste dut. Hegaleko jokalari azkarrak ditugu, eta horrela egin genituen bi golak.
Horrelako garaipen batek denboraldi hasiera gazi-gozoari aurre egiteko balioko du?
Bai, noski. Bartzelona gainditu badezakegu, beste taldeei ere irabazteko gai garela sinetsi behar dugu. Liga gero eta lehiakorragoa da, taldeak gero eta hobeak dira, eta, ondorioz, irabaztea zailagoa da. Horregatik, horrelako neurketa eta garaipen bat behar genuen konfiantza irabazteko. Liga ez genuen nahi genuen bezain ongi hasi, eta aurrera begiratzeko balioko digu.
Izan ere, entrenatzailearen ezusteko aldaketak, Txapeldunen Ligatik at geratzeak eta ligan partidak irabazteko zailtasunek taldearengan eragin zutela agerikoa da. Ez da esperotako sasoi hasiera izan?
Bada, ez. Aldaketak ematen direnean denbora behar da egokitzeko, eta gure kasuan, Arturo Ruiz entrenatzailea joan izanak momentu txarrean harrapatu gintuen. Liga hastear zegoen, denboraldiaurrea berarekin egin genuen, eta egoera horrek nabarmen kaltetu gintuen. Entrenatzaile berriarekin lanean hasi ginen, egokitzeko astirik gabe, eta ligan emaitzak behar dira aurrera egiteko. Zorionez, pixkanaka hobetzen goaz, eta ziur gaude gure mailarik onenera iritsiko garela.
Arturo Ruizen agurra espero zenuen?
Egia esan, ez. Nik uste dut ez zuela gutako inork espero. Horregatik izan zen horrenbesteko ezustekoa. Lehen partidetan kosta zitzaigun entrenatzaile batetik besterako trantsizioa egitea, eta aitortu behar da gogorra izan zela.
Gorka Alvarez ordezkoarekin, berriz, pixkanaka ari zarete taldeak baduen eta orain arte erakustea kostatu zaizuen maila berreskuratzen. Egoerak hobera egin duela sentitzen duzue?
Bai, hori da. Gorka lehenagotik ezagutzen nuen, bigarren taldeko nire entrenatzailea izan zelako. Harreman ona dut harekin. Dena dela, Gorkak beste era batera jokatzen du, eta sistema horretara egokitu behar izan dugu. Esaterako, Arturok bost defentsekin jokatzen zuen eta joko bertikala gustuko zuen. Gorkak, berriz, defentsan lauko lerroa nahiago du, eta barrutik gehiago jokatzea gustatzen zaio. Esan moduan, pixkanaka egokitzen ari gara, eta emaitzetan nabarituko dugu.
Udan, beste behin, jokalarien joan-etorri ugari izan zituen taldeak. Oinarria mantendu arren, kostatzen ari zaizue talde osoa batzea eta egonkortzea?
Egia esan, bai. Denboraldiaurrean, jokalari berriak ezagutzen eta haiekin entrenatzaileak eskaturikoa lantzen aritu ginen. Arturok eskaturiko jokoari begira aritu ginen entrenamenduak egiten. Ordea, entrenatzaile aldaketarekin, berriz egokitu beharrean izan ginen, eta esan moduan pixkanaka lortzen ari gara. Fitxaketei dagokienez, jokalari onak etorri dira, kalitatea dute, eta Realari duten onena emateko gogotsu daude.
«Aldaketak ematen direnean denbora behar da egokitzeko, eta horretan gabiltza»
Ligan gora begira jarri zarete Bartzelonari irabazita, baina oraindik partida asko irabazi beharko dituzue goiko postuetara iristeko, ezta?
Bai, jakin badakigu liga ez genuela ondo hasi. Era berean, argiago dugu zer joko erakutsi nahi dugun hurrengo partidetan. Arerioak ondo aztertu eta neurketa txukunak egiten jarraitu nahi dugu. Sailkapenean gora egitea da helburua, eta horretarako garaipenak pilatzen hasi beharko gara.
Europa kopari dagokionez, Turkiako Fenerbahceren kontra ariko zarete final-zortzirenetan. Kanporaketa hori ere gainditzeko prest?
Une honetan, Espanyolen kontrako ligako partida dugu buruan, baina hilaren 28ko joanekoa ere presente dugu. Aurkaria ez dugu askorik ezagutzen, eta lanketa hori egin beharko dugu. Aurreko kanporaketan gertatu moduan, mailarik onena eman beharko dugu aurrera egiteko. Izan ere, gure helburua da Europa kopan ahalik eta urrutien iristea.
Hirugarren txapelketa bat ere bada, azken urteotan poz ugari eman dizkiona Realari: Kopa, alegia. Aurten ere, koparen lehian aritzea da taldearen helburuetako bat?
Kopa oso berezia da Realarentzat. 2019an irabazi genuen, eta 2024ko finala ere jokatu genuen. Pasa den sasoian nahi baino lehenago kanporatu gintuzten. Aldiz, sasoi honetan, bukaeraraino borrokatu nahi dugu, berriz ere irabaztea desio dugulako.


