Norvegiako betekada
Realak gol festarekin gainditu du Lillestrom, Europa ligako ligaxkaren hirugarren jardunaldian (0-6). Oiartzabalek erakustaldia eman du.
Realeko jokalariak Lillestromi egindako gol bat ospatzen, Europa ligako partidan.Reala Europan lorturiko emaitzarik onena berdindu zuen atzo Realak, Norvegian. Txuri-urdinek nagusitasun osoz menderatu zuten Lillestrom, Arasen zelaian (0-6). Betekada historikoa izan zen, eta Europa ligako ligaxkako lehen garaipena. Txapelketan jarraitu eta bidea egiteko lagungarria izan daiteke.
Realak berehala erakutsi zuen arerioa baino askoz hobea zela, eta lehen ordu erdia bete aurretik, bi minutu eskasetan, antzeko bi gol egin zituzten; Mikel Oiartzabal kapitainaren bi pase bikain, eta Sergio Gomezen bi ezkerkada, ate barrura. Abantaila horrekin, txuri-urdinak erosoago aritu ziren, eta golen zakua handitzeari ekin zioten. Atsedenaldira iritsi aurretik, Suciek hirugarrena egin zuen, hau ere, Oiartzabalen pase aparta baliatuta.
Bigarren zatian iritsi ziren beste hiru golak. Aurretik, ordea, Lillestromi aldeko penalti zalantzagarri bat adierazi zioten, baina Unai Marrerok ederki gelditu zuen hankekin. Gainera, langara bidali zuten baloi bat norvegiarrek. Aldiz, Realak bere nagusitasuna berretsi zuen azken hogei minutuetan, Oskarssonen, Sucicen bigarrenaren eta Zakharyanen golekin.
Helburua beteta, Europa ligako sailkapenean gora egin dute txuri-urdinek, eta, orain, lau puntu dituzte. Ligaxkako gainerako partidetan maila bera ematen badute erasoan, zortzi onenen artean sartzeko aukera izango dute.


