Postontzira begira: Galarza postariak iruditan jasotako Donostia
Gregorio Gonzalez Galarza posta banatzen aritu zen urte luzez. XX. mendearen hastapenetan, zeregin horretan zapaldutako kale eta txokoak argazkitan jaso eta posta txarteletan argitaratzen hasi zen. Hamarkadak geroago, Donostiaren memoria bisuala osatzen dute, eta horietako batzuk Ernest Lluch Kultur Etxean ikus daitezke.
Galarza postariaren argazkiak.Galarza funtsa / San Telmo museoa Ernest Lluch Kultur Etxeko lehen solairura iristean, liburutegiko atearen aurrean, egongela itxurako txoko bat dago: bi eserleku luze, hormetatik zintzilik zuri-beltzeko zenbait argazki eta pantaila bat. Azken horretan pasatzen doazen irudietan Donostia agertzen da, Galarza familiak postal bihurtzeko hartu zuen moduan. Hormetan, berriz, astelehen arratsaldean, dantzan ari zen talde baten argazki bikoitzak ematen zion ongietorria bisitariari. Haien ondoan, 1930 inguruko Euskal Asteko erromeria berean parte hartu zuten beste gazte batzuk, eta harago, egurrezko suila buruan eta sega eskuan dituzten bi gazteren irudia. Pareko horman, latsariak, laiariak lurra iraultzen, bola jokoa, maskarada Atotxan… Asteazkenean, ordea, irudiak aldatu zituzten: euskal motiboak eta eszenak atzean utzi, eta Hiri Zaharra, Loiola eta Zabalguneari dagozkienek apaintzen dituzte orain hormak, azaro bukaerara arte. Gero, urtearekin batera agurtuko den Donostia desagertua atalaren txanda izango da.
Ikusgai dauden horiek San Telmo museoak duen Galarza funtsaren hautaketa bat dira. Museoan bertan 2024ko urritik 2025eko urtarrilera bitartean ikusgai izan zen Donostiaren oroigarri erakusketa atontzeko aukeratuetakoen lagin bat, eta, orduko hartan, Lola Horcajo eta Juan Jose Fernandez historialariek baliatutako irizpideak jarraituz ageri dira: hiri eremuak eta gaiak.
Irudiz irudiko ibilbide espazial hori ekainean hasi zuten eta azken geltokietan da jada. Bertaratu direnak galarzatarren objektiboak harrapatutako iraganeko hiri horretan murgiltzen joan dira gutxika; kartulinazko txartel haiek jasotzeko zain zeudenen moduan.
Egunero zeharkatzen zuen hiria Gonzalez Galarzak, postari gisa, eta milaka gutun eta kartulina pasatzen ziren bere eskuetatik
Kartulinazko loraldia
Donostia postaleko hiria dela behin eta berriz errepikatutako baieztapena da. Eta bada egia, neurri batean; baina ez askotan ulertzen den moduan. Kartoi meheko euskarrian, hiriko milaka argazkik bidaiatu dutelako baizik. Batez ere, postontziari begira egotea ohikoa zen garaian, egun baino maizago iristen zen norbaitek bidalitako postalen bat. Orain, sare sozialen zurrunbiloan batetik bestera dabiltza hiriko txokoak, helbiderik gabe, eta, akaso, garai hartako igorleei ematen zien estatusa ere galduta. Gortearen oporlekuan egotea, belle époque-aren garaian, erakusteko zerbait zen, antza, eta euskarri horretan ezagutarazi zen Donostia XX. mendearen lehen herenean.
Posta txartelen ohitura hori, ordea, ez da berria. Austrian sortu ziren 1869an. 1886. urtean, Espainiako Estatuak postalak argitaratzeko baimena eman zuen, betiere, 9×14 zentimetroko neurria bazuten. Hasieran kartulina soilak ziren, irudirik gabeak; lehen argazkiduna 1897an kaleratu zuen Madrilgo Hauser y Menet inprimatzaile suitzarrak.
Fototipiaren —argazkiak paperean inprimatzeko teknika— aurrerapenek kopien kalitatea hobetu eta merketu egin zituzten. Loraldi komertziala XX. mendearen hasieran etorri zen. 1906an, Correosek araudia aldatu zuen eta atzealdea bitan banatzea baimendu zuen: mezua alde batean idatz zitekeen, eta aurrealdea argazkiarentzat gelditzen zen osorik. Aukera hori baliatuta, argazkilari asko postal editore eta inprimatzaile bihurtu ziren, tartean, Gregorio Gonzalez Galarza. 1905 inguruan eratu zuen bere argitaletxea.
San Telmok duen bilduma 3.068 argazki dokumentuk osatzen dute eta «balio dokumental, etnografiko eta artistiko zabala» du
Familia kontua
Egunero zeharkatzen zituen Donostiako kaleak Gonzalez Galarzak, postari gisa, eta milaka gutun eta kartulina pasatzen ziren bere eskuetatik. Zegaman jaioa, 1869an, lau urte zituela familiarekin Donostiara etorri zen bizitzera. 25 urterekin, Maria Campano Etxeberriarekin ezkondu zen eta bikoteak zazpi seme-alaba izan zituen. Argazkilaritzarekiko zaletasuna izateaz gain, 1899an postari lanetan hasi zen, eta ogibide horretan jardun zen 60 urterekin erretiroa hartu zuen arte. Hiriko kaleak egunero zeharkatuta, eraikin berriak eta txokoak bertatik bertara ezagutu zituen Galarzak; eta, lanari esker, atzeman zuen postalen eskaera handitzen zihoala.
Argazkilari ofizioa, aldiz, XX. mende hasieran lanean ziharduten Hermenegildo Otero eta Miguel Agirre argazkilari ospetsuekin ikasi zuen, eta haiekin elkarlanean aritu zen Bulebarreko 11. zenbakian zuten estudioan. Galarzak bere estudioa Victor Pradera kalean —egun, Easo kalea— izan zuen. Gehienbat postal txartelak eta kanpoaldeko argazkiak egiten zituen. 1936ko gerran familia Bretainiako herri batera joan zen bizitzera, guda amaitu eta itzuli ziren arte. Postalak editatzen jarraitu zuen 1948an hil zen arte.
Hiriko editore garrantzitsuenak izan ziren galarzatarrak; izan ere, laster familia osoa sartu zen irudien unibertso honetan. Carmelok, 1895ean jaioa, argazkilaritzarekiko afizioa eta ofizioa oso gaztetatik bereganatu zuen. 1922an erroldatu zen argazkilari gisa, eta aitarekin elkarlanean jardun zuen 1929tik aurrera. Luisak ere, kamera eskuan, bere ekarpena egin zion bildumari; Carmen, Joaquina eta Teresa ahizpek, berriz, editore eta saltzaile gisa lan egin zuten, 1970eko hamarkadara arte. Andres eta Luis Gonzalez Izquierdo bilobek mantendu zuten negozioa, Foto Galarza izenpean.
Izoztutako historia
Santa Katalina eta Maria Kristina zubien eraikitzea, Kontxa pasealekua, Txofreko zezenketak, Alderdi Eder, sortzen ari zen Gros eta betetzen zihoan Antigua, ibaia nagusi zen Amara edota Loiolako landa eremua, eskaileradun kai zaharra, Salamanca pasealekuko olatuak… Helburua komertziala izanik, argazkietan bainuetxe hiri kosmopolitaren ikur adierazgarrienak atera zituzten, bisitarien oroigarriak, Donostiaren irudi ikonikoa finkatzen lagundu zuten.
Objektibo aurrean jarri zituzten auzoak eta donostiarrak, eta hamarkada batzuk geroago, joandako garai eta hein batean hiriaren berri emateko funtzioa ere badute. Argazki horien bidez, hiriaren fisonomiak izandako garapena azter daiteke, eta eraldaketa urbanoaz haratago, ohituren eta bizimoduen bilakaera ere ikus daiteke, denbora zeharreko begirada batekin. Hori, edonola, gerora irabazi duten zerbait da.
Esan bezala, helburu komertzialarekin sortu zituzten. Salmenta puntuak Bulebarreko, Askatasunaren hiribideko eta Kasino inguruko liburu denda, papereztategi eta kiosko nagusiak ziren. Horrez gain, egindako irudietako asko garaiko Gipuzkoak aldizkari ilustratu nagusietan argitaratu zituzten, besteak beste, Novedades, Vida Vasca, Guipúzcoa Turística y Aristocrática edota San Sebastián. San Telmo museoak egindako Miaka txostenaren arabera, horrek adierazten du argazki firmak parte hartu zuela 1909-1936 arteko argitalpen inprimatuetan, Espainiako aldizkari ilustratuen sorkuntza eta hedapenaren eta fotokazetaritzaren goraldiaren garaian.
Argazki horien bidez, hiriaren eraldaketa urbanoaz harago, ohituren eta bizimoduen bilakaera ere ikus daiteke
Altxor bisuala
San Telmo museoak 2001eko apirilaren 16an eskuratu zuen bilduma, Gregorio Galarzaren biloba Andres Gonzalez Izquierdori erosita. Halakoetan egin ohi duten moduan, materialaren erregistroa eta inbentarioa eta digitalizazioa egin zuten. 4.000 argazkik osatzen dute. Sinadura bera partekatzen zutenez, bakoitzaren egiletza bereiztea oso zaila da; halaber multzoan, Otero eta Aristegiren batzuk ere badira.
Miaka txostenak jasotzen duenez, San Telmok duen bilduma 3.068 argazki dokumentuk osatutako multzoa da, kristalezko negatiboak, azetatoak eta paperezko positiboak dituena. Fondo osoak, aldiz, 15.000 pieza baino gehiago ditu irudi, klixe eta plakak batuta; eta «balio dokumental, etnografiko eta artistiko zabala» du.
Galarzatarrena hiriaren memoria bisuala eraiki zuen zutabeetako bat da, baina ez bakarra. San Telmok baditu beste funts fotografiko batzuk Donostia kontatzen dutenak, hala nola hiriaren gizarteari buruzko erreportaje ugari biltzen dituen Postigo funtsa edota Koch Bengoetxea, Koch Arruti eta Antton Elizegi argazkilarienak.







