Txuri Urdineko neskak eta mutilak bolada ona luzatzen ahaleginduko dira
Realeko belar hockey taldeak laugarren garaipena jarraian lortzen saiatuko da. Saskibaloian, berriz, etxetik kanpo ariko dira Ibaeta Basket eta Askatuak Gipuzkoa Basket.
Txuri Urdinen eta Tartaloren arteko partida, Anoetako izotz jauregian.Gio Batista / Txuri Urdin Sentsazio eta garaipen onekin hasi dute sasoia Txuri Urdineko bi taldeek. Neskak lehiara bueltatuko dira bihar, Huarteren pistan. Valdemororen etxean irabazi ondoren, sailkapeneko lehen postua konpartitzen dute Majadahondarekin —12 puntu dituzte bi taldeek—. Beraz, laugarren sailkatua menderatuz gero, lidergoan bakarrik geratzeko aukera izan dezakete. Mutilak ere sailkapenaren goialdean daude, bigarren tokian, Bartzelona liderraren atzetik. Tartalo gasteiztarrei gol zaku bat sartu ostean, neurketa zailago bat jokatuko dute bihar Puigcerdaren pistan. Denboraldia uste baino apalago hasi duten arren, lehiakide zaila izango da donostiarrentzat.
Belar hockeyan, Realeko neskek historikoa den marka bat ezarri dezakete, laugarren partida jarraian irabaztea. Pasa den asteburuan, Terrassako taldeetako bat gainditu ondoren —Atletic Terrassa, zehazki—, bihar, bestearen kontra jokatuko dute kataluniarren zelaian. Sailkapenari erreparatuz gero, ligako talde ahulenetakoa da, azken aurreko tokian eta punturik batu gabe daudelako. Horrela ere, neurketa guztiak jokatu behar dira irabazteko, eta txuri-urdinek azken hiru neurketetan erakutsitako maila aparta berretsi beharko dute.
Saskibaloian, etxetik kanpo ariko dira Donostiako bi taldeak. Ibaeta Basketek azken porrota ahazteko partida izango du etzi Gironaren pistan. Denboraldia oso hasi zuten arren, aurreko jardunaldian galdu izanak zalantza batzuk sortu zituen. Bestalde, Askatuak Gipuzkoa Basketek bolada txarra eteteko premia du. Kopatik kanpo geratu eta ligako azken norgehiagokak galdu ostean, garaipen bat behar dute. Alacanten kirol pistan ariko dira etzi. Irabazteak baino ez die balio.
Futbolean, Realeko neskek oso presente dute Bartzelona liderrari irabazi izana, baina ligak ez du etenik. Bihar, Zubietan jokatuko dute berriz ere, eta Kataluniako beste talde baten aurka: Espanyol. Orain arte ikusitakoaren arabera, aurkari zuzen horietako bat da, sailkapenean zortzina puntu dituztelako bi taldeek. Txuri-urdinek, ordea, goranzko joera hartu dute azken partidak irabazita, eta horri jarraipena ematea da erronka. Realeko mutilek, berriz, Norvegiako gol festaz gozatu osteko partida izango dute ligan. Levante hartuko dute etzi Anoetan, pasa den sasoian baino hobeto moldatzen ari den taldea. Gainera, herenegun Athletici irabazi zioten, eta konfiantzarekin etorriko dira.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
- Puigcerda – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 22:00)
Emakumezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
- Huarte – Txuri Urdin (bihar, 14:40)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 6. jardunaldia
- Terrassa – Reala (bihar, larunbata, 11:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Girona – Ibaeta Basket (etzi, igandea, 18:30)
Gizonezkoen bigarren maila, 5. jardunaldia
- Alacant – Askatuak Gipuzkoa Basket (etzi, igandea, 12:15)
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 8. jardunaldia
- Reala – Espanyol (bihar, larunbata, 12:00)
Gizonezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
- Reala – Levante (etzi, igandea, 18:30)

