Xabi Alonsoren txaletaren inguruko epaia «osatzeko» eskatu dio Haritzaldek auzitegiari
Txalingo txaleta, Igeldon.Igeldoko Herri Kontseilua Xabi Alonsoren Igeldoko txaleta legezkoa dela ebatzi du aste honetan EAEko Auzitegi Nagusiak, Alonsorekin lotura estua duen Tavaro XXI enpresaren eta Donostiako Udalaren helegiteak ontzat emanez. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Igeldoko Ieltxo Kultur Elkarteak aurkeztutako salaketaren harira abiatu zuten Igeldoko Txalin eremuko txalet horren inguruko auzia, eta, hain zuzen ere, “sinestezina” da epaia, eragile horientzat.
Haritzaldek hedabideei helarazitako ohar batean azaldu dutenez, salatutako “sei irregulartasun erabat alde batera utzita” ebatzi du auzia auzitegiak: “Epaiak ebatzi gabe utzi dituen sei gaiak hauek dira: landa lurzoruaren okupazioa neurriz kanpo handitzea, sotoen eraikigarritasun handiegia, epeak ez betetzea eta proiektua jendaurrean ez jartzea, eraikina jatorrizko kokapenetik zortzi kilometrora berreraikitzeko nahitaezko txostenik ez egitea, eraikinaren bolumen osoa handitzea eta lurzatirako sarbide iraunkor eta legalik ez izatea”.
Hori dela eta, “epaia osatzeko eta sei puntu horiei buruzko berariazko erabakia hartzeko” eskatu diote eragileek EAEko Auzitegi Nagusiari: “Gure jarrera argia da: ez da nahikoa hirigintza kontu bat ebaztea; lizentziari buruz planteatu ditugun legezkontrakotasun arrazoi guztiak aztertu behar dira”. Bestalde, aste honetako sententziaren aurkako helegitea jarri daiteke oraindik, Espainiako Auzitegi Gorenean.

