Ordua aldatzeko eguna: 03:00etan 02:00ak izango dira
Ategorrietako erlojua.Joseba Parron San Sebastian Urteroko legez, heldu da ordua aldatzeko eguna: gaur gauean (hilaren 24tik 25erako gauean), 03:00etan, 02:00ak izango dira. Beraz, etxeko erlojuak aldatu beharko dituzte herritarrek datozen orduetan, eta 03:00etan lo daudenek ordubete gehiago edukiko dute lo egiteko.
Euskal Herri osoan aldatuko da ordua gaur goizaldean, Europa erdialdeko ordutegiari jarraiki (UCT+1). Europako Batzordeak aspaldi sistema hori ezabatzea proposatu bazuen ere, batzorde horren kide diren estatuek oraindik ez dute adostu zer ordutegi hartu modu iraunkorrean. Hain zuzen ere, nagusiki, energia aurrezteko helburuz egiten da ordutegi aldaketa, baina gaur egun neurriak horretarako duen eraginkortasunaren inguruko eztabaida irekita dago komunitate zientifikoan.
Argi naturala aprobetxatzeko ordua aldatzearen neurria 1784tik dator, Benjamin Franklin zientzialari eta politikariak ideia modu anonimoan proposatu baitzuen orduan Parisko egunkari batean, herritarren kandelen kontsumoa murrizteko. Mende bat baino gehiago geroago, William Willett eraikitzaile britainiarrak udan erlojuak aurreratzea proposatu zuen, eguzkiaren argia alferrik galtzen zen ikusita. Udako ordutegi hori, ordea, herrialde gehienek ez zuten ofizialki ezarri 1916ra arte, Lehen Mundu Gerraren testuinguruan, gatazkan zehar erregaia aurrezteko. Ondoren, bertan behera utzi zuten neurria, baina 1970eko hamarkadako petrolio krisi larriaren harira berreskuratu zuten, eta ordutik dago indarrean.

