Juan Pedro Sansinenea surfaren aitzindaria zendu da, moto istripu batean
Juan Pedro Sansinenea donostiarra, artxiboko irudi batean.Punto Rojo Libros Juan Pedro Sansinenea Iriarte donostiarra zendu zen ostiralean (hilak 23) Donostiako ospitalean, ostegunean Aieten moto istripu bat izan ondoren. Surfaren munduan pertsona ezaguna eta maitatua zen Sansinenea, baita Aiete auzoan ere.
Istripua ostegun gauean gertatu zen, 23:00ak aldera, Aieteko Katxola kalean. Zauri larriak izan zituen Sansineneak eta ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen.
1961ean Donostian jaioa, kazetaria zen Sansinenea, eta euskal kostaldeko surfaren munduko aitzindarietako bat izan zen. Besteak beste, Euskal Herrian surfari buruz idatzi zuen lehenengo pertsonetako bat izan zen, eta lehiaketak eta bestelako jarduerak sustatzen aritu zen urte luzez.
Aiete auzoan ere pertsona maitatua zen, Lantxabe auzo elkarteak azaldu duenez: “Aieten bereziki gogoratuko zaitugu hurbiltasunagatik eta eskuzabaltasunagatik. Auzoko hainbat jardueratan parte hartu zuen. Gabonetako ospakizunetako batean ere gorpuztu zuen Olentzero. Lantxabek antolatutako Miramongo basoko bisiten gidari ere izan zen behin baino gehiagotan, ingurune natural hartan zuen ezagutza eta berotasuna partekatuz”.

