Agitiko kalaren leheneratzea «lehenbailehen» egitea eskatu du Eguzkik
Igeldoko Agiti kalako arrain haztegia.Eguzki Eguzkik salatu du badela garaia Igeldoko Agiti kala birnaturalizatzeko eta gogorarazi du Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Donostiako Udalak leheneratzearen alde egin zutela 2025eko maiatzean.
Irailaren amaieran eman zuen jakitera udalak Agitiko arrain haztegian algak ekoizteko proiektuari ezezkoa eman ziola. Izan ere, Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzaren arabera, proposatutako jarduera ez dator bat eremuaren ingurumen babesarekin, Itsasertzeko Lurralde Plan Sektorialak eremuaren zati bat “Babes Berezi Zorrotz” gisa eta beste zati bat “berreskuratu beharreko eremu degradatu” gisa sailkatzen du.
Culmanor enpresak bertan erreboiloak ugaltzeko haztegia egin zuen lehenengo, 1989an, “kalaren ingurumen balio handietan kalte nabarmena eginez” Eguzkik azaldu duenez. 2006an haztegiak funtzionatzeari utzi zion, eta 2011n “eraikitzea ahalbidetu zuten itsas lehorreko jabari publikoaren emakida bertan behera geratu zen”. Urak esan zuen, 2012an, “leheneratzeko ahalmen handia duen lekua” dela eta haztegiko instalazio guztiak desmuntatu beharko liratekeela, “eremuaren ingurumen eta paisaia kalitatea leheneratzeko eta kalaren izaera naturala berreskuratzeko”.
Eguzkik “Kosta Zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzak inoiz pilota elkarri pasatu” badiote ere, Eusko Jaurlaritzaren kontua dela salatu du, abenduaren 23ko 1310/2024 Errege Dekretuarekin Euskal Autonomia Erkidegoaren eskutara pasa zelako: “Beste administrazioekin lankidetzan, bai, baina jaurlaritzari dagokio. Donostiako Udalari, berriz, Agiti leheneratzeko bidean proaktibo jokatzea dagokio, eta horixe eskatzen dugu”.

