Ibaeta Basketek azken unean lortu du saria
Askatuak Gipuzkoa Basketek, berriz, burua altxatu ezinda jarraitzen du. Bestalde, Txuri Urdineko bi taldeek garaipen garrantzitsuak eskuratu dituzte.
Gironaren eta Ibaeta Basketen arteko norgehiagoka.David Subirana / Girona Bolada onak eteten direnean, txarrekin gauza bera egitea dagokie kirol taldeei. Liga sendo hasi zuen Ibaeta Basketek, eta porrot batek ohiko zalantzak ekarri zituen. Ordea, Azu Muguruzak gidaturiko taldeak agerian utzi du gaitasuna duela edozein partida aurrera ateratzeko. Horrela gertatu zen atzo, Gironaren kontrako neurketa estuan. Donostiarrek azken unean lortu zuten irabaztea, erabakigarria izan zen Khadija Faye jokalariari esker (53-56). Sailkapenean gora egin dute, eta, orain, bosgarren tokian daude. Bestalde, Askatuak Gipuzkoa Basketek astindua jaso zuen Alacanten pistan (106-66). Nahi eta ezin dabiltza Sergio Garciak zuzendurikoak, eta sailkapeneko azken aurreko postuan daude bost neurketetatik lau galduta.
Futbolean, Realeko neskek berdinketaren konformatu behar izan zuten, irabazteko meritu gehiago egin arren. Txuri-urdinek ezin izan zuten Espanyol gainditu, Ainoaren gol batekin aurreratu baziren ere (1-1). Bartzelona liderra menderatu ostean, konfiantza zuten beste hiru puntu lortzeko, baina espero baino arerio gogorragoa izan zuten aurrez aurre. Realeko mutilek, berriz, Levante ere gainditu zuten atzo, eta agerian utzi dute une gozoa bizi dutela (2-1). Txuri-urdinek ligako laugarren partida jarraian irabazi dute, 2023tik lortzen ez zutena. Gainera, ligako sailkapen historikoan Espanyol berdindu dute. Levanteren aurkakoan ere nagusi izan ziren donostiarrak, eta Oskarssonen eta Turrientesen golekin eskuratu zituzten hiru puntuak. Une honetan, sailkapen nagusiko bosgarren postuan daude, eta puntu bakarrera dituzte Txapeldunen Ligako tokiak.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskak eta mutilak oso txukun dabiltza, eta asteburuan berriz ere irabazi dute bi taldeek. Gainera, bi ligetako liderrak dira. Mutilak, Puigcerdaren izotz pistan nagusitu ziren (2-6), eta, neskak, Huarte nafarrenean (1-3).
Belar hockeyan, Realak jardunaldi bikoitza izan du asteburuan, eta porrot bikoitza ere. Azken hiru partidak irabazi ostean, bolada ona kolpetik eten dute Terrassaren (1-0) eta Egararen (4-0) zelaietan.
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Girona 53 – Ibaeta Basket 56
Gizonezkoen bigarren maila, 5. jardunaldia
- Alacant 106 – Askatuak Gipuzkoa Basket 66
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 8. jardunaldia
- Reala 1 – Espanyol 1
Gizonezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
- Reala 2 – Levante 1
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
- Puigcerda 2 – Txuri Urdin 6
Emakumezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
- Huarte 1 – Txuri Urdin 3
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 6. eta 7. jardunaldiak
- Terrassa 1 – Reala 0
- Club Egara 4 – Reala 0

