«Donostiarrok ez dugu onartuko indarkeria berriz ere kaleetara itzultzea»
Bilbon izandako istiluen harira, Jon Insausti alkateak ohartarazi du Donostiaren izena azaldu dela Blocus gisako plataformen deialdi batzuetan.
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldia Bilboko istiluei erreferentzia eginez hasi du Jon Insausti Donostiako alkateak. Gaur goizean, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin hitz egin eta “donostiarren babesa” helarazi diola nabarmendu du. Era berean, jakinarazi du Donostiaren izena agertu dela Blocus eta beste plataformek hainbat hirietan datozen asteetarako eta asteburuetarako deitu dituzten mobilizazioetan.
Horren aurrean, alkateak mezu bat konpartitu nahi izan du: “Argi esango dut, donostiarrok ez dugu onartuko indarkeria berriz ere kaleetara itzultzea. Oso argi daukagu hiri honetan donostiarrok ideia bat defendatzeko, indarkeriak zilegitasuna kentzen diola. Ideia edo ideologia bat defendatzeko ez da edukiontzirik erre behar eta erakusleihorik puskatu behar. Hiri honetan, Euskadin eta Euskal Herrian lan asko egin da bizikidetzaren alde, eta 2026an ez dugu pausorik atzera emango. Asko da lortu duguna eta horri eutsiko diogu”.
Insaustik gaineratu du aurre egingo diotela “muturretatik datorren edozein aukerari: eskuin muturreko faxismoari eta ezker muturreko totalitarismoari”. Horiek horrela, nabarmendu du “indarkeria hori” ez dela Donostiako kaleetara iritsiko, “aurre egingo diogulako”. Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean dabiltzala gaineratu du, “prest egoteko” istiluak gertatzen badira”.

