Egiako polizia etxea 2027. urtea bukatu baino lehen ireki nahi du udalak
Nestor Basterretxea plazan kokatuko dute komisaria mistoa.Inaxio Esnaola Donostiako Udalak behin betiko onartu du Egiako Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren komisaria bateratua eraikiko den partzelaren xehetasun azterketa. Espazioak 553 metro karratuko azalera du eta Nestor Basterretxea plazan dago, Tabakalerako sarreraren parean eta Egiako pasabidearen ondoan. Jon Insausti alkateak adierazi du 2027. urtea bukatu aurretik zabaldu nahi dutela komisaria mistoa.
“Hirigintzako izapide honen bidez, egungo antolamendua egokitzen dugu, Plan Berezia aldatzen hasi beharrik gabe. Gaurko onarpenak komisaria mistoaren proiektua idazteko aukera ematen digu, eta horri ere abiadura emango diogu obrak lehenbailehen has daitezen eta euskal poliziaren egoitza prest izan dezagun datorren urtea amaitu baino lehen”, azaldu du Insaustik.
Neurri hori udal gobernuak segurtasunaren arloari ematen dion lehentasunaren barruan kokatu du alkateak: “Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren komisaria bateratu horrek segurtasuna indartuko du hirian, gune estrategiko batean eta hiriko ateetako batean”.
Kabina txikia, geltokian
Egiako komisaria mistoaz gain, Norte tren geltokian ere poliziaren kabina txiki edo garita bat jarriko dute. “Euskal Poliziaren lankidetza horrek espazio berri bat ere izango du eguneroko zereginetarako, eta laster egokituko da”, azaldu du Insaustik. Zehazki, 2027ko udarako erabilgarri egotea espero du udalak.
Bestalde, delitu kopuruen inguruan haritu da alkatea, eta “datu positiboak” direla adierazi du: “Delituen kopuruak %16,5 egin du behera urteko lehen erdian, 2025eko datuekin alderatuta. Horrez gain, Aste Nagusian ere delituen kopuruak %45 egin zuen behera, iazko datuekin alderatuta. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetzaren emaitza islatzen dute”.
Segurtasuna “indartzeko” lehentasunak bultzatuta, Insaustik aurreratu du bihar Eusko Legebiltzarrean izango dela, Euskadiko segurtasun publikoari buruzko eztabaida monografikoan. “Donostian segurtasunaren kudeaketa zorrotza egiten ari gara, gaur hemen aipatu ditudan moduko erabakiekin, baina ez da nahikoa, eta segurtasun eskumena Eusko Jaurlaritzak duenez, arretaz entzun nahi ditut legebiltzarrean dauden alderdien ekarpenak. Eztabaida horretan Donostiak presente egon behar du”, azaldu du.

