Lola Valverde historialari feminista donostiarrari emango diote Manuel Lekuona saria
Lola Valverde Lamsfus historialari eta ekintzaile feminista.Wikipedia Eusko Ikaskuntzak Lola Valverde Lamsfus historialari donostiarra sarituko du 2026ko Manuel Lekuona sariarekin, euskal kulturaren eta emakumeen eskubideen alde egindako ikerketa lana eta gizarte konpromisoa aitortzeko.
Sariaren azalpenean azaldu dutenez, 1941ean Donostian jaiotako historialaria goi mailako ikasketak egiteko eta erantzukizuneko lanpostuetara iristeko oztopo ugari izan zituen emakumeen belaunaldi bateko kidea. 1970eko hamarkadan, Donostian sortzen hasi zen mugimendu feministako kide izan zen. 1976an Nafarroako Unibertsitatean Historia Moderno eta Garaikideko ikasketak amaitu zituen, eta 1992an doktoretza lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. 1990etik irakasle aritu zen bertan, Historia Garaikideko katedradun izatera iritsi arte.
Epaimahaiak nabarmendu du Valverdek euskal historiografia berritzen lagundu duela, genero ikuspegia txertatuz eta ordura arte gutxi aztertutako gizarte taldeak eta errealitateak ikergai bihurtuz. Besteak beste, familia, jabetza, herentzia, pobrezia, ezkontzaz kanpoko amatasuna, abandonatutako haurrak, emakumeen lan baldintzak eta egoera juridikoa, genero harremanak eta bizirauteko estrategiak aztertu ditu
“Gizarte konpromisoa”
Historialariaren ibilbide akademikoarekin batera, gizarte konpromisoa ere nabarmendu du Eusko Ikaskuntzak. Maria de Maeztu Foro Feministaren sorreran parte hartu zuen, Vasconia/Iura Vasconiae Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Ikerketarako Fundazioko presidente izan zen, eta Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehendakariorde eta Historia saileko buru ere aritu zen. Horrez gain, hainbat kultur, argitalpen eta dibulgazio ekimenetan lagundu du, eta euskal ikerketa historikoa nazioarteko eztabaida akademikoetara eramaten jardun du, Mexikon, Kuban eta Argentinan irakaskuntza eta ikerketa lanak eginez, eta Lovaina, Paris, Miami, Washington, Utrecht, Erroma eta Habanako foroetan parte hartuz.
Eusko Ikaskuntzaren arabera, sariak Valverderen “ekarpen intelektual eta soziala” aitortzeaz gain, “Euskal Herriko historia ikuspegi zabalago, kritikoago eta inklusiboago batetik ulertzeko bidea ireki duten emakumeen lana ere balioan jartzen du”.
2014az geroztik, Manuel Lekuona saria erabakitzeko, Euskal Komunitate Globalaren iritzia jasotzen da bozketa ireki baten bidez, eta ondoren epaimahai instituzionalak berretsi egiten du erabakia. 2026ko epaimahaian hainbat kultur eta ikerketa erakundetako ordezkariak izan dira, besteak beste, Barandiaran Fundaziokoak, Etxepare Euskal Institutukoak eta Unesco Etxekoak. Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura emateko ekitaldi publikoa 2027an egingo da, oraindik zehaztu gabeko data batean.

