Pausoz-Pauso elkarteak janari lasterreko establezimenduak ikastetxeetatik urruntzea eskatu du
Pediatrek eta nutrizionistek osatutako elkarteak haurren obesitatea prebenitzeko neurriak hartzeko eskatu dio udalari, eta eskola inguruneetan janari azkarraren eskaintza mugatzeko araudia proposatu du.
Lizarra kaleko 4 eta 6 zenbakien etxabeetan jarriko dute McDonalds berria.DonoSShopping Pausoz-Pauso elkartea McDonaldsa Aldapeta eskolaren ondoan irekitzearen aurka agertu da. Haurren gehiegizko pisua eta obesitatea lantzen dituen programak ohartarazi duenez, halako negozioek ikasleen elikadura ohituretan eragin dezakete, eta zaildu egin dezakete familiek eta osasun profesionalek elikadura osasungarria sustatzeko egiten duten lana.
Elkartearen arabera, nerabezaroaurrea garai kritikoa da elikadura ohiturak finkatzeko, adingabeek gero eta autonomia handiagoa dutelako erosketak egiteko. Horregatik, ikastetxeetatik gertu “edari azukredunak” eta”snackak” erraz eskuragarri izateak elikadura ez-osasungarriaren kontsumoa susta dezakeela ohartarazi du.
Pausoz-Pausoren iritziz, janari lasterreko establezimenduen hurbiltasunak epe laburrean elikadura ohiturak alda ditzake; epe ertainera, gehiegizko pisuaren eta obesitatearen arriskua handitu; eta epe luzera, helduaroan ere iraun dezaketen ohitura kaltegarriak finkatu.
Elkarteak azaldu duenez, hainbat ikerketak 400 metro inguruko erradioa identifikatu dute eragin handieneko eremu gisa. Hala ere, haren proposamena harago doa: janari lasterreko establezimendu berriak ikastetxeetatik gutxienez 800-1.000 metrora kokatzea eskatu du, ikasleen eguneroko ibilbideetan duten eragina murrizteko.
Udalari araudia ezartzeko eskaria
Pausoz-Pausok aitortu du gaur egun ez dagoela horrelako negozioen eta ikastetxeen arteko distantzia arautzeko legeria espezifikorik, eta Donostiako Udalari eskatu dio etorkizuneko irekierak arautzeko neurriak aztertzeko. Besteak beste, eskola inguruneetan establezimenduen kokapena, dentsitatea eta babes eremuak zehazteko irizpideak ezartzea proposatu du.
Horretarako, Ingalaterrako eta Galesko esperientziak aipatu ditu elkarteak, janari lasterreko establezimenduen hurbiltasuna mugatzeko edo elikadura osasungarriagoa sustatzeko estrategien adibide gisa.
Establezimenduaren irekiera eragotzi ezin bada, beste neurri batzuk hartzea ere proposatu du: produktu freskoen eta elikagai osasungarrien eskaintza bermatzea, adingabeei zuzendutako publizitatea mugatzea eta eskola zein famili hezkuntza indartzea.
Elkartearen ustez, haurren obesitatea prebenitzeko estrategiek ingurunean eragin behar dute, ez soilik banakako ohituretan edo hezkuntzan. Horregatik, merkataritza-interesen aurretik haurren osasuna lehenesteko eskatu dio udalari

