Ilustrazioak ere bere txokoa izango du Literaktumen
Aieteko kultur etxean euskal ilustrazioa ardatz duen erakusketa.Literaktum 2026ko Literaktum jaialdia azaroaren 9tik 22ra bitartean egingo dute Donostiako hainbat espaziotan, literatura hiri osora zabaltzeko asmoarekin. Baina, literatura soilik ez, ilustrazioari ere bere txokoa eskaini nahi izan diote. Horregatik jarriko dute, Aieteko kultur etxean, euskal ilustrazioaren “aberastasuna eta aniztasuna” plazaratu nahi dituen erakusketa: “Jatorrizko artelanen, liburuen, argitalpen eta dokumentu materialen bidez, euskal ilustrazioaren historian eta gaur egungo egoeran barren bidaiatzeko aukera eskaintzen du”.
Iraganeko eta gaurko euskal ilustrazioa erakusketan iraganeko eta gaur egungo sortzaileen lana bilduko dute eta urriaren 30etik, 2027ko urtarrilaren 24ra arte egongo da kultur etxean.
Aurretik Bilbon egon den erakusketa honek Kike Infame du komisario, eta euskal ilustrazioa herritarrengana gerturatzea du helburu, baita “profesionalek gaur egungo kultura sorkuntzari egiten dioten ekarpena aldarrikatzea” ere.
Astelehen eta jaiegunetan itxita egongo da; asteartetik ostiralera 16:00etatik 20:30era egongo da irekita; Gabonetako eskola oporrak direnean goizez egongo da irekita, 10:00etatik 14:00etara; larunbatetan 10:00etatik 14:00etara goizez eta 16:30etik 20:00etara arratsaldez; eta, azkenik, igandeetan 10:00etatik 14:00etara egongo da irekita.

