Orreaga 778 taldeak 'Sua itzaltzen ari da' lan berria plazaratu du
Añorgako eta Hernaniko musikariek osaturiko Orreaga 778 punk oi taldea bueltan da lan berri batekin. Sua itzaltzen ari da izenburua jarri diote eta sei abesti ditu; bost propio eta BAP!! ezagunen bertsio bat. Common People Records zigiluarekin plazaratu dute 12 hazbeteko binilo formatuan, eta dagoeneko eskura daiteke. Esaterako, Egia Records dendan.
Morlans, Izarrik ez, Errobi da gorri, Mina eta beldurra eta Higuina dira pieza berriak. Aldiz, Azken anarkista (BAP!!) da egin duten moldaketa. Donostiako auzoari erreferentzia egiten diona entzun dezakezue jarraian.
Aipaturiko zigiluak hau dio taldeari buruz: “2005ean sortuak, Orreaga 778 taldeak punk oi doinuen ikuspegi propioa garatzen eman ditu azken bi hamarkadak, Ingalaterrako eta Frantziako Oi! eszena klasikoan zein 1980ko hamarkadako euskal punk talde ospetsuetan inspiratuz. Urteetan zehar, hainbat EP eta LP argitaratu dituzte, beti beren sustraiei leial eutsiz eta, aldi berean, soinu freskoa, zuzena eta energiaz betea mantenduz”.
Argitalpen berriari dagokionez, “melodia sendoak, gitarra arranditsuak, erritmo kementsuak eta euskarazko letrak” eskaintzen dituela nabarmendu dute: “Hori guztia ikuspegi gordinetik eta ereserki itxurarekin, bere ondare musikalaren bi alderdiak omentzen dituena. Gaiek Oi!-aren indarra eta jarrera punkaren espiritu errebeldearekin konbinatzen dituzte, lelo gogoangarriak eta riff kutsakorrak sortuz, birika betean oihukatzeko pentsatuak”.

