Udalak abian jarri du lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza aldaketaren kontsulta publikoa
Etxebizitza bihurturiko lokal bat, Egian.Inaxio Esnaola Duela bi aste, Donostiak Udalak iragarri zuen lokalen erabilera aldatzeko ordenantza malgutuko duela, hirian dauden lokal hutsak etxebizitza bihurtzeko. Horrekin batera, udalak herritarrei zuzenduriko kontsulta publiko bat irekiko zuela iragarri zuen, eta dagoeneko martxan da.
Legeak horrela eskatuta, udalak halako kontsulta bat egin behar du ordenantza proiektua egin baino lehen. Zehazki, Etxebizitza erabilera bizitegi eraikinetako solairuetan nola ezarri eta lehengo etxebizitzak nola banatu arautzeko udal ordenantza da aldatuko dutena. Herritarrek azaroaren 5era bitarte egin ahal izango dituzte ekarpenak, helbide honetan.
5.494 lokal
Etxebizitzaren Behatokiaren arabera, hirian 35 metro karratutik gorako 5.494 lokal daude beheko solairuetan, eta horietatik 860 daude hutsik —%15,7—. Martutene, Ategorrieta-Ulia, Añorga eta Altza auzoek nabarmen gainditzen dute ehuneko hori, lokal hutsak %30 baino gehiago baitira.

