Lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza aldatuko du udalak
Etxebizitzaren Behatokiaren arabera, hirian 5.494 lokal daude beheko solairuetan, eta horietatik 860 daude hutsik.
Denbora luzez itxita daraman Egiako saltoki bat.Inaxio Esnaola Aranzadi Donostiak Udalak lokalen erabilera aldatzeko ordenantza malgutzea erabaki du. Jon Insausti alkateak jakinarazi duenez, hirian dauden lokal hutsak etxebizitza bihurtzeko urratsa egingo dute.
Datozen egunetan, udalak herritarrei zuzenduriko kontsulta publiko bat irekiko du, Etxebizitza erabilera bizitegi eraikinetako solairuetan nola ezarri eta lehengo etxebizitzak nola banatu arautzeko udal ordenantza aldatzeko. 2011koa da araudi hori, eta aplikatzen hasi zirenetik 133 lokal bihurtu dira etxebizitza. Alkatearen arabera, ez dira gehiago izan araudiak ezartzen duen baldintza batengatik: etxebizitzarako sarbidea atari barrutik egin behar izatea.
Ordenantza aldatzearekin batera, udalak “azterketa sakona” egin du eta “auzoz auzo zein kalez kale” aztertu ditu bide publikotik zuzenean sar daitezkeen eraikinak. Hain zuzen ere, araudi aldaketarekin kaletik sarbidea duten lokalen erabilera aldatu ahal izango da etxebizitza bihurtzeko.
5.494 lokal
Etxebizitzaren Behatokiaren arabera, hirian 35 metro karratutik gorako 5.494 lokal daude beheko solairuetan, eta horietatik 860 daude hutsik —%15,7—. Martutene, Ategorrieta-Ulia, Añorga eta Altza auzoek nabarmen gainditzen dute ehuneko hori, lokal hutsak %30 baino gehiago baitira.
Lokal horiek denak jabetza pribatukoak direla esan du Insaustik, eta jabea dela merkaturatu behar duena. “Ordenantza malgututa, aukera izango dute lokalen erabilera aldatu eta etxebizitza gisa salgai jartzeko”, azaldu du alkateak. Horrekin batera, zehaztu du “udalaren nahia” etxebizitza horiek tasatuak izatea dela.

