Donostiako Arraun Lagunak-ek irabazitako hemeretzi banderak dantzan jarriko ditu
Kontxako bosgarren bandera irabazi ostean, jendetza batu zen Plaza Berrian Donostia Arraun Lagunak-i harrera egiteko.Joseba Parron San Sebastian Larunbatean, urriaren 31an, Donostia Arraun Lagunak klubak denboraldi historikoan lorturiko banderak eta ikurrinak Parte Zaharrean zehar erakutsiko ditu, “garaipenak ospatzeko eta arraunaren tradizioari gorazarre egiteko”.
Guztira, hemeretzi dira pasa den sasoian astinduriko banderak, eta goizetik eguerdirako bitarterako jardunaldi berezi bat antolatu dute. “Arrauna, itsas ondarea eta klubaren lorpenak izango ditu ardatz, hiriko hainbat leku esanguratsu zeharkatuko dituen kalejira, banderen dantzatze ekitaldiak eta herri dantzak uztartuz”, adierazi du klubak.
Jardunaldia 11:30ean hasiko da Kaiarriban. Txistulariek lagunduta, denboraldian eskuratutako banderak eta ikurrinak abiatuko dira. 11:40ean, Aita Mariri eskerrak eman eta lore eskaintza
egingo diote, “denboraldi bikain honetan eskainitako laguntza eta babesa” aitortzeko. Era berean, duela gutxi zendutako Luis Mari Goikoetxea Goiko zumaiarra gogoratuko dute.
Eguerdiko 12etan, kaiko San Pedro elizan, German apaizak denboraldian irabazitako banderak bedeinkatuko ditu. Ospakizunean, Gaztelubideko koruak abestuko du. Ondoren, ospakizunak Donostiako kaleetan barrena jarraituko du. 12:30ean kalejira abiatuko da, eta 12:40ean, Donostiako arraunlarien garaipenen bilgune bihurtu den Portaletan, banderak astindu eta dantzatuko dituzte. Handik, Portu kaletik barrena, Plaza Berrira joango dira.
13:00etan, udaletxe zaharreko balkoian banderak dantzatu eta astinduko dituzte. Une horretan, herri dantzek hartuko dute protagonismoa, eta bertaratutakoek fandangoa, arin-arina eta zazpi jauziak dantzatzeko aukera izango dute, festa giroan. 13:30ean, trikitilarien laguntzarekin, Plaza Berririk abiatuko dira Abuztuaren 31 kaletik Santa Maria basilikaren atariraino. 14:00etan, banderak dantzatuko dituzte San Sebastian eta Koruko Amaren aurrean.
Goizeko eta eguerdiko ospakizunei amaiera emateko, talde argazkia aterako dute Gaztelubide elkartearen atarian. Ondoren, 14:15ean, Martin Berasategiren eskutik eta Gaztelubideren
gonbidapenari esker antolatutako Txapelen bazkaria egingo dute, lagun artean.
Ekitaldi honen bidez, Donostia Arraun Lagunak-ek denboraldian lortutako garaipenak herritarrekin konpartitu eta ospatu nahi ditu, “arraunaren tradizioari, taldearen ibilbideari eta Donostiarekin duen loturari balioa emanez”.

