Larratxoko familia bat etxegabetze arriskuan dagoela ohartarazi dute
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak adierazi duenez, bi adin txikiko dituen familia bat da, eta aitak osasun arazoak ditu. Azaroaren 11n kaleratu nahi dituzte.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren agerraldia, Larratxon.Inaxio Esnaola Gaur eguerdian, agerraldia egin du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Larratxon, han bizi den familia zaurgarri baten etxegabetze arriskuaren berri emateko. Zehazki, azaroaren 11rako aurreikusi dute familia horren kaleratzea. Familiak sindikatuarekin bat egin du, eta elkarrekin etxegabetzea gelditzeko antolatu dira.
“Familian adin txikiko bi haur daude, 3 eta 7 urtekoak. Aitak eguneroko bizimodua oztopatzen dion osasun arazoak ditu, eta ebakuntza baten zain dago. Egoera hori izanda ere, erakundeek ez diete inolako etxebizitza alternatibarik eskaini. Familia hau etxebizitza eskubidea bermatua ez dagoenaren beste adibide bat gehiago da”, salatu du sindikatuak.
Altza eta inguruko auzoetan familia honen egoeran dauden kasu gehiago daudela adierazi dute. Aurten, Altzan eta Bidebietan 29 kasuren berri izan dutela nabarmendu dute, eta tartean hamalau adin txikiko dituztela. Denetariko egoerak topatu dituztela gaineratu dute: “Gehiegizko klausulak, errolda eta kontraturik gabeko alokairuak, azpierrentatutako etxebizitzak, logela batean bizi behar duten familiak, kontratua amaitzen delako egindako etxegabetzeak eta gehiago. Hiriko diru sarrera baxuenetarikoak dituzten auzoak dira”.
Espekulazioa
Etxebizitzaren arazoa “espekulazioa” dela salatu du sindikatuak: “Donostiak ohiko etxebizitza ez diren 13.000 etxebizitza daude, tartean, etxebizitza turistikoak, hutsik daudenak eta putre funtsek jabetzakoak direnak. Horietan ematen diren etxegabetzeak diru gehiago irabazi nahiagatik izaten dira”. Horrekin batera, Donostiako Udalak eta EAJk “negozioari ate berriak” irekitzen dizkiotela. “Insausti alkateak bere botoaren bitartez, Amenabar enpresa pribatuari lehiaketa publiko batean 236 etxebizitzen eraikuntza adjudikatu zion, Espainiar Estatuko 200 enpresa aberatsenen artean dagoenari”, kritikatu dute.
Bestalde, udala etxebizitzaren arazoari aurre egiteko zenbait neurri jartzen dituztela “saldu nahian” dabilela deitoratu dute, eta lokalak etxebizitza bihurtzeko proposamena aipatu dute adibidetzat: “Egia esan, horrelako aukeretara etxebizitza eskuragarri eta bermatua ez dutenek jo behar izaten dute bertara, normalean sektore pobreenak. Eta erabaki horien atzean espekulazioa bere horretan mantentzea eta negoziorako aukera berriak irekitzeko nahia dago”.
Borrokara batzeko deia
Larratxoko etxegabetzearen agindua greba orokorraren egunean dela ohartarazi du sindikatuak. Horrela, borrokara batzeko deia egin dute. Bihar, Amaran, Egian eta Antiguan egingo dituzten etxebizitza batzarretan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Era berean, datorren astean, Larratxoko etxegabetzeari buruz hitz egiteko antolaturiko batzar irekira ere gonbidatu dituzte auzotarrak. Azaroaren 4an izango da Larratxoko plazan, 18:00etan.

