'Antxumeak' Aiako Harritik Donostiara iritsi dira
'Antxumeak' film laburrak emango dio hasiera 37. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari.Maddi Viana Imanol Olalde donostiarraren Antxumeak film laburraren estreinaldiarekin hasiko dute 37. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea.
Hamahiru minutuko folk horror generoko film laburrak Amaia du protagonista, Eneritz Sanchezek interpretatua. Amaiak gaixo duen alaba bikotearekin utzi, eta mendira seme Julenekin joaten da. Momentu batean Amaia despistatu egiten da, eta, ondoren, ez du Julen topatzen. Basoan barrena sartzen da Amaia, semearen bila.
Dorleta Urretabizkaiaren interpretazioa aipatzekoa da, baita Julenena egiten duen Asier Goñi gaztearena ere.
Laugarren Oihua! sorkuntza egitasmoa irabazi zuen film laburrak otsailean. Aiako Harrian grabatu zituzten protagonistak mendian agertzen diren eszenak, eta donostiarrak ziurtatu du, generoan ohikoa den iluntasunetik aldentzea hasieratik hartutako erabakia izan zela: “Ama bere semearekin mendira gauez joatea arraroa da”.
Olaldek aitortu du, urtebete inguru igaro dela gidoia idazten hasi zenetik, eta berarentzako “erokeria” bat dela: “orain dela urte bat ez nuen gidoi bat ia ikusi ere egin nire bizitzan, eta orain (proiektua) pantaila handian ikustea… erokeria eta zortea da”.
Film laburrean lan egin duen taldearen gehiengoa Larrotxene Bideoko ikasle eta ikasle ohiek, Euskal Herriko Zinema Eskolako eta Andoaingo Zine eta Bideko Eskolako gazteekin, osatu dute.
Tren istripuarekin bat
Asteazkenean Toledon jazotako tren istripuko biktimei elkartasuna adierazteko, 37. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen harira, biharko antolatuta zeuden kale ekitaldiak atzeratu egingo ditu antolakuntzak. Hala, Txu Txu trenaren ohiko bidaia beldurgarria igandean, azaroak 1, egingo dute 12:15ean eta kalejira datorren asteko ostiralean, azaroak 6, astearen amaiera ekitaldiaren aurretik. Halaber, antzokietako proiekzio eta jarduerak mantendu egingo dituzte.

