Dbusek geralekuak berrantolatuko ditu 24, 26, 27 eta 43 lineetan, azaroaren 2tik aurrera
Dbuseko autobus bat.Dbus Datorren azaroaren 2an, Dbusek aldaketak jarriko ditu martxan bere zerbitzuetan, 24, 26, 27 eta 43 lineen funtzionamendua hobetzeko helburuarekin. Konpainiak azaldu duenez, azken urteetan erabiltzaile kopuruak izan duen etengabeko hazkundearen ondorioz, autobusak denbora gehiago egoten dira geralekuetan, eta horrek ezarritako ordutegiak betetzeko zailtasunak sortu ditu.
24. lineak (Altza-Gros-Antiguo-Intxaurrondo) jasango ditu eraldaketa gehien, geraleku asko dituelako eta ibilbidea planifikatutako orduan egitea asko kostatzen zaiolako. Antiguorako noranzkoan, Arriberriko geralekua 170 metro ingurura dagoen Arria Parkera mugituko da; markesina bat dago hor, eta panel elektroniko bat jartzea aurreikusten dute. Irakasle Eskolako geralekua 100 metrora dagoen Tolosa 13ko hiriarteko autobusen geralekura aldatuko da, eta Zumalakarregi 21ekoa behin betiko kenduko da. Azken honen ordez, bidaiariek Tolosa 13koa edo Zumalakarregi 9koa erabili ahalko dituzte.
27. linean ere (Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Gros) neurriak hartuko dira; hain zuzen ere, Antiguako Anbulatorioko geralekua kenduko da. Horren ordez, Zumalakarregi 8ko edo Irakasle Eskola-Tolosa 14ko markesinak erabili ahal izango dira. Honi esker, ibilbide bera egiten duten bi lineek bina geraleku izango dituzte noranzko bakoitzean Satrustegitik Europa Plazara doan tartean.
Aldaketak, Amarako geralekuetan
Zirkulazioa arintzeko eta beste linea batzuetako (17, 28, 31, 37) autobusekin pilaketak ekiditeko, Amarako gune batean geraleku bateratu berri bat sortuko da. Hori dela eta, 24. lineak (Altzarako noranzkoan) dituen Madril 28 eta Madril 10 geralekuak ezabatu eta Madril 20 zenbakian kokatuko den tarteko puntu berri batera aldatuko dira.
Bide beretik, 26. linea (Amara-Martutene) eta 43. linea (Anoeta-Igara) ere berrantolaketa honetara batuko dira. 26. linearen kasuan, Madril 28ko geralekua Madril 20ra lekualdatuko da, eta 43. linearen kasuan, berriz, Madril 10ekoa pasatuko da Madril 20ko puntu berri horretara.

