Derbi asteburua futbolean, Realeko gizon zein emakumeentzat
Realaren eta Athleticen pasa den sasoiko derbia hutsean bukatu zen, Anoetan.Reala Euskal Herriko futbol zaleentzako asteburu indartsua dator, gizonen zein emakumeen ligetan derbi interesgarriak baitaude. Gizonezkoei dagokienez, San Mamesen neurtuko dituzte indarrak Athleticek eta Realak igandean, alde bateko zein besteko zaleentzat garrantzitsua izan ohi den zita batean. Partida bizi eta lehiatua izango dela aurreikusten da, sailkapenean zein futbol mailan pareko baitabiltza bi taldeak: bosgarren postuan dago Reala eta zortzigarrenean Athletic.
Emakumezkoen kasuan, Alavesen aurka arituko da Reala igandean, Gasteizen. Neurketa garrantzitsua da bi taldeentzat, sailkapeneko beheko partetik ateratzea baitute helburu biek ala biek: hamabosgarrenak dira etxekoak (azken-aurrenak) eta hamabigarrenak txuri-urdinak.
Futboletik harago, saskibaloian, etxean lehiatuko dira asteburuan Ibaeta Basketeko neskak eta Gipuzkoa Basketeko mutilak. Ibaeta Basketi dagokionez, Ferrol izango du aurkari, larunbatean; maila hobea erakusten ari dira donostiarrak denboraldi honetan, eta garrantzitsua da irabaztea, sailkapenean gora egiteko. Gipuzkoa Basket, aldiz, ligako azken-aurrena da, eta Kordona hamabigarren sailkatua jasoko du etxean. Dena eman beharko dute donostiarrek, garaipenak pilatzen hasteko.
Eskubaloian, norgehiagoka garrantzitsua jokatuko dute Bera Berako neskek larunbatean, Atletico Guardesen etxean. Hain zuzen ere, ligako liderrak dira donostiarrak eta hirugarrenak etxekoak, beraz, lidergoa sendotzeko une aproposa izan daiteke Bera Berarentzat.
Azkenik, izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek ez dute partidarik jokatuko asteburuan. Neskek, aldiz, bai: Jaca izango dute aurkari, Donostian, larunbatean. Ligako liderrak dira donostiarrak eta laugarrenak aragoiarrak, beraz, ezustekorik ezean, garaipena etxean gelditu beharko litzateke.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 11. jardunaldia
- Athletic — Reala (igandea, azaroak 1, 21:00)
Emakumezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
- Alaves — Reala (igandea, azaroak 1, 12:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
- Ibaeta Basket — Ferrol (larunbata, urriak 31, 18:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 6. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket — Kordoba (igandea, azaroak 1, 18:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
- Atletico Guardes — Bera Bera (larunbata, urriak 31, 19:00)
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Txuri Urdin — Jaca (larunbata, urriak 31, 20:30)

