Guardetxea birgaitu, eta Parte Zaharreko ekipamendua izango da
Udal gobernuak 300.000 euroko zuzenketa bat txertatu du 2027ko aurrekontu proiektuan, eraikina berritzeko. Aldiz, haren etorkizuna eta erabilera «auzotarrekin batera definitu» behar dela esan du Jon Insausti alkateak.
Donostiako Guardetxea, Urgullen magalean.Joseba Parron San Sebastian Asteleheneko Ogasun batzordean, EAJren eta PSEren udal gobernuak bi erabaki hartu zituen. Batetik, EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk 2027ko udal aurrekontu proiektuari aurkezturiko osoko zuzenketak ezetsi zituzten. Bestetik, haien aurrekontu proiektuari 50 zuzenketa inguru txertatu zizkioten. Zehazki, 8 milioi euro inguru. Tartean, 300.000 euro aurreikusi dituzte Parte Zaharreko Guardetxea birgaitzeko.
Horren inguruan galdetuta, Jon Insausti alkateak astearteko agerraldian berretsi zuen Guardetxeak Parte Zaharreko ekipamendu bat izan behar duela. «Denbora daramagu auzoko eragileekin lanean», nabarmendu zuen alkateak. Izan ere, Urgullen magalean dagoen eraikinaren etorkizuna eta erabilera «auzotarrekin batera definitu» behar dela esan zuen.
Birgaitzeko diruari dagokionez, Insaustik adierazi zuen eraikina zahartua dagoela eta berritzeko premia duela. «Horregatik, baliabide ekonomikoak bideratu ditugu, urtean zehar egin beharreko lanak egiteko, eta bitarte horretan auzotarrekin batera proiektu bat adosteko», nabarmendu zuen. Hain zuzen ere, eragileekin «diskrezioz» lanean ari direla esan zuen alkateak, eta «pozik» dagoela, «emaitza onak ematen ari delako».
Urte eta hilabete bat
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) iazko apirilaren 30ean okupatu zuen Guardetxea, eta hilabete batzuk geroago hasi zen udalarekin biltzen. Horrekin batera, Guardetxea elkartea sortu zuten, auzoko beste eragile batzuen babesarekin, eta urtebete eta hilabete pasa daramate negoziatzen. «Kultur proiektu bat aurkeztu genion udalari, askotariko jarduerekin, eta, lehenik, eraikina birgaitu behar zela adostu genuen», dio elkarteak.
Hurrengo bilera azaroaren 2an egingo dute. «Bi aldeak interesatuta gaude, eta ea akordioa lortzen dugun. Jakin nahi dugu udalak zein baldintzetan utzi nahi digun eraikina, eta ea baldintzak onartzen ditugun», zehaztu dute.

