Kaleratzeak Stopek salatu du Azorak Donostiako etxebizitza hutsak legez kanpoko pisu turistiko gisa erabiltzen dituela
Gutxienez, Osasun Iturria kaleko 14. zenbakian eta Gran Via 8ko 2. eskuinean atzeman dituzte erabilera horren zantzuak. Elkarteak Udalari eta Kontsumobideri eskatu die premiazko ikuskapenak egin eta dagozkion zehapenak ezar ditzatela.
Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetako hainbat familia, iragan martxoan.Alokairu Kaleratzeak Stop elkarteak salatu du Azora putre funtsak Donostian dituen etxebizitza hutsen artean batzuk legez kanpoko pisu turistiko gisa erabiltzen ari dela. Elkartearen arabera, jarduera horiek ez dute beharrezko lizentziarik, 2023ko apirilean Donostiako Udalak onartutako luzamenduaren ondorioz erabilera turistikorako lizentzia berriak ematea debekatuta baitago.
Elkarteak zehaztu duenez, gutxienez bi kokalekuren berri du: Osasun Iturria kaleko 14. zenbakian, non bost etxebizitza hutsik dauden, eta Gran Via 8ko 2. eskuineko etxebizitzan.
Salaketa udalbatza batean onartutako mozioaren harira egin du Kaleratzeak Stopek. PSE-EEren, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren aldeko botoekin onartu zen elkarteak aurkeztutako lau puntuko mozioa. Lehenengo puntuak Azorak Donostian dituen 166 etxebizitzetatik hutsik dauden 65ak ohiko bizileku gisa erabiltzea eskatzen zuen, nahitaezko alokairua eta desjabetzea bezalako legezko neurriak aplikatuta. EAJ abstenitu egin zen, eta PPk aurka bozkatu zuen.
Ikuskapenak eta zehapenak eskatu dituzte
Kaleratzeak Stopek salatu du Azorak maizterrak kaleratu dituela hainbat etxebizitza husteko, eta ondoren aldi baterako alokairurako edo erabilera turistikorako eskaintzeko, etekin ekonomikoa handitzeko helburuarekin.Egoera horren aurrean, Donostiako Udalari eta Kontsumobideren udal bulegoari eskatu die indarrean dagoen araudia premiaz aplikatzeko, ahalik eta lasterren ikuskapenak egiteko eta, arau-hausteak egiaztatuz gero, dagozkien zehapenak ezartzeko.
Elkartearen arabera, Donostia etxebizitza eskuratzeko arazo larriak dituen udalerri tentsionatua da, eta ezin da onartu Azorak 65 etxebizitza hutsik edukitzea, horietako batzuk erabilera turistiko edo espekulatiborako baliatzen dituen bitartean. Horrez gain, Kaleratzeak Stopek gogorarazi du etxebizitzen erabilera turistiko eta sasoikakoaren inguruko iruzurrezko praktikak araudiaren bidez mugatu eta zigortu daitezkeela.
Etxebizitza hutsak ohiko bizileku izatea nahi dute
Kaleratzeak Stopek berretsi du Azoraren esku dauden 65 etxebizitza hutsak bizitegi-erabilerara bideratu behar direla, ohiko etxebizitza gisa, eta ez erabilera espekulatiborako. Horretarako, alokairu esku-hartua, nahitaezko alokairua eta, hala badagokio, desjabetzea aplikatzea proposatu du.
Elkarteak iragarri du idatzia aurkeztuko diela udal talde guztiei eta Kontsumobideri, Azoraren ustezko legez kanpoko pisu turistikoak ixteko eta araudiak aurreikusten dituen zehapen ekonomiko handienak ezartzeko eskatuz.

