Udalak partaidetzazko aurrekontuen eredu berria aurkeztu du, herritarren inplikazioa indartzeko
Donostiako Udaletxea.Irutxuloko Hitza Donostiako Udalak partaidetzazko aurrekontuen prozesua berritu du, herritarrei tresna hurbilagoko eta eraginkorrago bat eskaintzeko. Eredu berriak herritarrei laguntza gehiago ematea, auzoetan eztabaidaguneak sortzea eta proiektuen jarraipena egiteko mekanismoak gehitzea ditu ardatz.
Idoia Gracia Auzoetako eta Herritarren Partaidetzako zinegotziak nabarmendu du berrikuntza honek udalaren eta herritarren arteko elkarrizketa sendotuko duela, informazioa hobetuko duela eta aukeratutako proiektuak gauzatzeko bizkortasuna bermatuko duela.
Informazioa, laguntza eta arreta
Proposamenen fasean, informazio argiagoa, laguntza materialak eta aurrez aurreko arreta eskainiko dituzte. Horrez gain, auzoetan espazioak sortuko dituzte bizilagunek kezkak partekatu eta proposamenak elkarlanean eraikitzeko.
Lan kolektiboa lehenesteko, auzoetako eztabaida saioetatik sortzen diren proposamenak zuzenean pasako dira analisi fasera. Banakako proposamenek, ordea, gutxienez 30 babes lortu beharko dituzte udalaren webgunean prozesuan aurrera egin ahal izateko.
Bestalde, prozedurak ondo igarotzen direla eta epeak betetzen direla ziurtatzeko, hiru batzorde sortuko dituzte: Departamentuen arteko Batzordea (gauzatze prozesuak arintzeko), Gardentasun Batzordea (gardentasuna zaintzeko eta gainbegiratzeko) eta Auzoen Eremuko Batzordea (auzoetako kolektiboen inplikazioa eta erantzukizuna sustatzeko).
2028ko aurrekontuak, salbuespen
2028ko aurrekonturako trantsizioari dagokionez, eredu berria 2027 amaieran jarriko dute martxan, eta emaitzak 2029ko eta 2030eko aurrekontuei aplikatuko zaizkie. Egutegiaren egokitzapena eta hauteskunde urtea direla eta, 2028a salbuespena izango da ohiko jardunean: 2025eko prozesuaren emaitzak erabiliko dituzte 2028ko udal aurrekontuan proiektuak zehazteko, lehenetsitako proiektuen zerrendari jarraituz eta aurreikusitako 1,5 milioi euroko partida agortu arte.
Eredu berri hau auzo elkarteekin, udal teknikariekin eta Tokiko Gobernuko ordezkariekin elkarlanean diseinatu da, Donostiarentzat balio estrategikoa den herritarren partaidetza irekiagoa, elkarlanezkoagoa eta eraginkorragoa bermatzeko.

