Hormak, hitzak, errimak eta koloreak
Alaia Martin eta Intxaurrondoko bertso eskolako Harri Arin eta Harri Lazpita aritu dira bertsotan.Maitane Aldanondo Zein da zure hitza? galderari erantzunez, 11 mural margotzen ari dira egunotan Inxaurrondo barrena. Oraindik ere batzuk amaitzekotan daude, baina datozen egunetan osatuko dituzte; asteburuko jaialdiari iraunkortasuna emanez. Izan ere, Intx’apain egitasmoak kale artea eta euskara uztartuz sorkuntza eta topaketa gune bihurtu ditu auzoko kaleak ostiraletik. Hormak eraldatu dituzte euskarak eta hitzak abiapuntu hartuta, baita auzoko talde eta eragileak batuta ere.
Igande eguerdian, horma irudi horietako sei ikusteko MuralJira ibilaldia egin dute. Atzo, hogei bat lagun batu zitzaizkion Larraitz Esnaola hezitzaileari eta Idoia Moreno arkitektori, elkarrekin horma irudietako erdia, sei, ikusteko ibilaldian. Haiek arkitektura eta haurtzaroa, jolasa eta espazio publikoa izan zituzten oinarri, Intxaurrondo Zaharretik Bernart Etxepare plazara bitarteko bidean. Gaur eguerdian, berriz, auzoaren beste aldetik abiatu dira, Telesforo Aranzadi kaletik, helmuga berarekin. Oraingoan, gainera, azalpenak bertsoek ordeztu dituzte, geldialdi bakoitzean, Alaia Martinek eta Intxaurrondo Bertso Eskolako Harri Arin eta Harri Lazpita gaztetxoek horma irudiak iradokitakoa oinarri hartuta bota dituztenak.
Muga ikusezina
Elkargunean bildutakoak agurtu eta jaialdiari buruzko azalpenak eman dituzten Intxaurrondo Kultur Etxeko zuzendari Iker Tolosak eta antolakuntzako Garikoitz Muruak. Gero, Eva Menak azaldu du aurrean zuten irudian non topatu “ortzadarra”. Esperotako koloreak ez baditu ere, atzeman daiteke irudian: euria, adar bilakatzen den ilea… Ez du azalpen gehiegirik eman nahi izan: “ikusleari uzten diot konposizioa osatzea”. Akaso ideia horrek inspiratu du Lazpita. “Mural erdian neska bat dago nahiz ta ez jakin izena mundu guztiak ikusi dezan sarri ikusten ez dena”. Jarraian, Martin aritu da eta etorriko zena laburtu du nolabait: “Gaur frogatuko dugu hormatan, paretetan ta balkoitan, edertasuna agertzen dela edozein kale kantoitan”.
Handik Gaztela kalera joan dira, buruan MuralJira zioen banderatxoa zeraman neskato batek. Errepide ondoko bidea egin dute eta hormetan ugariak ziren grafitigileen lanak, geroxeago Muruak zehaztu moduan, pareta horiek ikusgarriak dira eta horregatik aukeratzen dituzte margolariek. Ezin jakin zenbat iraungo duen bere horretan Jeremy Dell’armik egindako obrak. Muga zen abstraktua lantzen duen iparraldeko artistaren hitza, baina “muga non dago?”.
Kolore biziko horma ikusita Arinek argi izan du: “Errepideak kotxe guztiak estimulu beharrean, trafiko grisak izango ditu mila kolore aurrean”. Martinek, berriz, Muruak botatako galderari heldu dio: “Pasatuko naiz beti begira eta adi, soa luzatu nahian ez dagoenari”.
Aurrera eginez, Hegoa ikastetxera heldu dira. Alboko hormetako bat kobazulo urdin batean bilakatu du lau egunetan Andrea Costas artistak. “Ondarea” islatzeko Ekaingo kobazuloa inspirazio hartuta, zaldiak margotzen zebilen ibilaldiko partaideak heldu direnean. Ordurako, batura berriekin, 50 bat ziren muralez mural bidea egiten zebiltzanak. Jaitsi da lurrera, hartu du mikroa eta bere ideia azaldu die Costasek.
Martin hasi da oraingoan bertsotan eta esandakoen artean ideia esanguratsu bat: “Ahazten duen herria, herri ezjakina hau bera izan liteke auzoko lagina, denentzat izanda ere, denekin egina”.
Loraldi betean
Handik Intxaurrondo kultur etxeko plazara jaitsi dira. Eskailerak aukeratu dituztenek aukera izan dute Hegoa ikastolako haurren murala ikusteko. Jolastokiaren beheko alde osoa hartzen du, kaleko horma, lorez bete dute, aurrez zegoen horma irudiaren ondotik abiatuta. Datozen egunetan amaituko dute, haien gainean marrak egiten ari baitira. “Hegoan euskara ahoan” da aukeratu duten esaldia.
Plazatik ikusten den patiotik behera jarri dira partaideak. Hantxe zegoen Maialen Arozena ilustratzaile donostiarra margotzen. Bera entzuteko baina, kultur etxe barrutik hara jaitsi dira. Koloretsua eta alaia, irudiz irudi narratibak sortzen ditu. Artistak azaldu duenez, irudia Baratzategi kalean jartzeko zenez “baratza” hitza aukeratu zuen, baina, edonola, natura bere lanean presente dagoela azaldu du. Diseinua bestelakoa zen, eta ez zen espazio berrira egokitzen, beraz, bere koadernoko beste irudi batzuk hautatu ditu, zenbait unean bertan marraztuak dira: parkean irakurtzen ari den pertsona (artista bera), xakean jolasten ari direnak, egun euritsua…
Naturarekiko loturari heldu dio Martinek bere txandan. “Hiri hontan baratzak daude nahiko nagi, zenbat proiektu handi eta agintari porlana landatuz dabil aspaldi. Natura, ordea, da aldakor ta malgu, zuhaitz baten ondoan denok gaude salbu. Eta batzuk nahi dute lursail hori galdu, eta B planetara baten bat bialdu, baina ahaztuagatik natura gara gu”.
Erroak eta zubiak
Baratzetik atera eta berriro kalez kale joan dira, azken geltokira. Bernart Etxepare plazan Lauaizetako ikasleek eta Erroak sartu elkarteko hamabi gaztek lan egin dute. Erroak sartu elkarteak egoera zaurgarrian dauden gazteei ogibide bat irakasten die bizitza duin bat izan dezaten. Haiek horma prestatu zuten eta Lauaizetakoek diseinua egin dute, Sara Garayoa artistarekin batera. Bi taldeek elkarrekin lan egitea “bizipen interesgarri eta polita” izan zela azaldu du Erroak sartuko irakasle Aitorrek.
Elkarlanean kolorez bete dituzte bi horma eta erdian dagoen pasabideko paretak. Zubiak egiteaz gain, mezu argi bat ere jaso dute: “Euskaraz nahiago!” Edo Arinek abestu moduan: “Mural bat baino, letra batzuekin, hauxe doa haratago. Euskal Herrian euskararena dago geroz eta zailago. Arnasguneak, horrelakoak, behar ditugu gehiago; erdara gailentzen den honetan euskaraz dugu nahiago”.
Bertsoaldiak amaituta eta txalo zaparraden ondoren, esker hitzak eta gainerako horma irudiak ikusteko gonbita egin dute antolatzaileek. Baita handik oso gertu, plazan bertan, Nagore Legarreta argazkilaria ematen ari zen Argia eta hitza: kimigrama kolektiboa tailerra ikustera joatekoa ere. Amaitzear ziren, azken errimarekin batera jada zintzilikatzen ari baitziren argazkiak, lehor zitezen. Emaitza prest eduki arteko itxaronaldia, ibilaldiko partaideekin batera, Plazara Goazeko kideek prestatutako hamaiketakoa janez bete dute.
Jarraian, ibilaldiko zenbait argazki:

