Askatuak Gipuzkoa Basketek arnasa hartu du
Realeko neskek eta mutilek ez dituzte euskal derbiak irabazi, biek merezi arren. Txuri Urdineko neskek, berriz, lidergoa sendotu dute.
Askatuak Gipuzkoaren eta Kordobaren arteko partida, Gaskan.Kordoba Bolada petralari etxean eteteak balio bikoitza du. Askatuak Gipuzkoa Basketek Kordoba hartu zuen mendean atzo, Gaska kiroldegian (75-73). Neurketa estuegia izan zen donostiarrentzat, baina garaipenari eutsi zioten bi puntu eskaseko aldearekin. Corentin Falcoz izan zen taldeko jokalarik onena, 18 punturekin eta hiru erreboterekin. Sergio Garcia entrenatzaileak neurketaren ostean nabarmendu zuenez, zaleei horrelako garaipen bat eskaintzeko gogoa zuten. Bestalde, Ibaeta Basketek huts egin zuen etxean Ferrolen aurka, azken unera arte lehiatu arren (85-91). Erregulartasuna berreskuratu ezinda dabiltza.
Futbolean, euskal derbien asteburua izan da Realeko nesken eta mutilen taldeentzat. Biek irabaztea merezi izan arren, ez da horrela izan. Neskek larunbatean jokatu zuten Mendizorrotzan, Alavesen kontrakoa. Txuri-urdinak nagusi izan baziren ere, berdinketarekin konformatu behar izan ziren (1-1). Beste behin ere, Ainhoa Marinek egin zuen donostiarren gola. Puntuak ez die balio sailkapenean nahi moduan gora egiteko. Mutilek, berriz, Athleticen aurkako derbi lehiatua jokatu zuten atzo, San Mamesen. Txuri-urdinek, lehen zatiko 25 minutu eskasak kenduta, neurketa txukuna jokatu zuten. Ordea, esku hutsik bueltatu ziren (2-1), epaileen erabakiek eta Unai Simon atezain zuri-gorriaren erakustaldiek baldintzatuta. Luka Sucicek egin zuen Realaren gol bakarra, eta gehiago sartzeko merezimenduak egin arren, izan ez zen penalti batek desorekatu zuen dena. Txuri-urdinek neurketa garrantzitsuago bat jokatuko dute ostegunean. Lyon hartuko dute Anoetan, Europa ligan.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskak sasoi oso onean daude. Jardunaldi bikoitza izan dute asteburuan, Anoetako izotz jauregian, eta Jaca bietan menderatu dute (3-1 larunbatean, eta 3-2 atzo, igandean). Horrela, lidergoa sendotu dute 21 punturekin. Baliteke denboraldi honetan, berriz ere, ligako titulua eskuratzeko borrokan aritzea.
Eskubaloian, Bera Bera ezinean aritu zen Atletico Guardesen pistan, eta galdu egin zuten (28-23). Etxekoak hobeto aritu ziren neurketa osoan, eta donostiarrak markagailu berdintzetik gertu ibili ziren arren, galiziarrek merezita eskuratu zuten garaipena. Horrela ere, donostiarrek sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute, orain, Elxekin berdinduta.
EMAITZAK
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 6. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 75 – Kordoba 73
Emakumezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
- Ibaeta Basket 85 – Ferrol 91
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 11. jardunaldia
- Athletic 2 – Reala 1
Emakumezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
- Alaves 1 – Reala 1
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 6. eta 7. jardunaldiak
- Txuri Urdin 3 – Jaca 1
- Txuri Urdin 3 – Jaca 2
Eskubaloia
Emakumezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
- Atletico Guardes 28 – Bera Bera 23

