Metroaren aurkako protesta egingo dute Donostian, igarobidea abiaraziko duten egunean
Metroaren aurkako pankarta bat, azpiegitura hori egiteko lanetan, artxiboko irudi batean. Donostiako Satorralaia bizilagunen mugimenduak elkarretaratzera deitu du azaroaren 21erako (larunbata), 12:00etan, Amarako Easo plazan, Donostiako Metroaren aurka. Hain zuzen ere, egun horretan jarriko dute funtzionamenduan topoaren igarobidea, atzerapen eta gainkostu askoren ondoren. Antolatzaileek azaldu dutenez, “umorea eta protesta uztartuko” ditu elkarretaratzeak.
Satorralaia hasieratik mobilizatu izan da azpiegitura horren aurka, eta bere kontrakotasuna hizpidera ekarri du oraingoan ere: “Gure hirian zeharo behargabekoa den azpiegitura xahutzaile hori bultzatu duten politikarien zentzugabekeria salatzen dugu”. “2009an Eusko Jaurlaritzak PSE buru zuela proiektua abiarazi zuenetik, Donostiako erdigunetik lurpeko metro bat eraikitzeko egitasmoak desadostasun zabala sortu zuen, bai garraio publikoa hobetzeko beste aukera batzuen aurrean justifikaziorik ez zuelako, nahiz proiektuaren kostu ekonomiko itzelarengatik eta Dbusen eragingo zituen ondorio galgarriengatik, baita obra erraldoi hori egiteak hirigunean eragingo zituen kalteengatik eta hiriko hareatzen eta ibai-marea lurren gainean zimendutako eraikinen egonkortasunari eragingo zizkien arriskuengatik ere”, gaineratu du mugimenduak.
Proiektua gauzatzeko lanak amaitzear diren honetan, “balantzea oso negatiboa” dela salatu du Satorralaiak: “Modu erabat inposatzailean bultzatu da, Donostiarako garraio sistema egokienaren inguruan herritarren parte hartzeari inolako biderik ireki gabe”, nabarmendu du. Ildo beretik, taldek gogorarazi du “garraio publikoarentzat apustu okerra dela erakusten dute txosten guztiek, bidaiariak batez ere autobus zerbitzuen erabiltzaileen multzotik bereganatuko dituelako”.
Gainkostuak ere ekarri ditu Satorralaiak hizpidera: “Eraikuntza lanen kostua 340 milioi eurokoa dela kalkulatu daiteke gaur egun, 4,2 km-ko trazadurako, proiektuaren informazio azterlanean ezarritako 172 milioiko (BEZa barne) hasierako aurrekontua bikoiztuz”. Halaber, lanetan izandako akatsak ere mahagaineratu ditu taldeak: “Indusketa lanetan zehar Kontxako hondartzaren eta hirigunearen azpian gertatu diren arazo larriak eta egin egin behar izan diren ‘larrialdi obra’ eta zementu injekzio ugariak kontuan hartuta, azpiegiturak mantentze kostu oso altuak ere beharko dituela iragarri daiteke”. Azkenik, “Donostian hirigintzaren arloan pairatzen dugun espekulazio jasanezinaren arazoa larriagotuz, Metroaren etorrerarekin hiriguneko denda eta lokalen prezioa are gehiago garestitzen ari dela jakinarazi dute joan den ekainean hainbat informaziok”, gehitu du Satorralaiak.
Horregatik guztiagatik, antolatzaileek azaroaren 21eko mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, baita hiriko gainerako eragileak elkarretaratzea babestera deitu ere.

