Paul Urkijo 'Hiru olatuak' thrillerra filmatzen ari da, aktore donostiarren partaidetzarekin
'Hiru olatuak' filmaren grabazioa.David Herranz Euskal kostaldeko kondairarik misteriotsuenean murgiltzea erabaki du Paul Urkijo zinemagile gasteiztarrak. Hiru olatuak izeneko thriller psikologikoa filmatzen ari da, Euskal Herriko hainbat txokotan —ostegunean, Usurbilen ariko dira—. Aktore taldean hainbat donostiar daude: Ramon Agirre, Iñake Irastorza, Iñaki Beraetxe eta Belen Cruz. Aldiz, Iñigo Aranbarri eta Fariba Sheikhan dira protagonistak.
Sinopsia aurreratu dute. Handik gutxira aita izango den Isaac (Iñigo Aranbarri) atsekabetuta bizi da, duela hogeita hamar urte itsasoan ito zen aita ezin ahaztuta. Marta emaztearekin (Fariba Sheikhan) batera, jaioterrira itzultzea erabakitzen du, non aita berragertu dela jakiten baitu. Han, hiru olatuen tokiko kondaira misteriotsua burutik ezin kenduta, zeharo obsesionatu egiten da.
Urkijok gidoia Caye Casas zuzendari eta gidoilariarekin batera idatzi du. Casas oso ezaguna da zinema beltzaren eta beldurrezko zinemaren eremuan. Esaterako, Donostiako Beldurrezko Astean eskaini zuten Matar a Dios filmaren gidoigile eta zuzendarietako bat da.
Patxi Errementaria, Irati eta Gaua pelikulen ostean, Hiru olatuak izango da Urkijoren laugarren filma. “Hiru olatuen kondairak itsasoan ezkutatzen diren arriskuak eta itsasoak jainko atabiko, pagano eta beldurgarri gisa duen boterea kontatzen ditu. Istorio hau naturaz gaindiko thriller bat da; erritmo bizkorrean, ikuslea eromenez, kresalaz eta alkoholez bustitako istorio batean murgiltzen du, itsas sakonaren mehatxupean, eta gogora ekartzen digu gure kultur ondareak biltzen dituen ipuinetako iruditeria oparoa”, adierazi du zuzendariak.

