Emakume gutxiagok parte hartuko dute 61. Behobia-Donostian
Igandeko lasterketarako 29.301 korrikalarik eman dute izena, iaz baino 1.500 gehiagok. Ordea, emakumeen kopurua jaitsi egin da; %34tik %31ra.
61. Behobia-Donostia lasterketaren prentsaurreko teknikoa, Pio Baroja kiroldegian.Fortuna Kirol Elkartea Gero eta gutxiago falta da hilaren 8ko 61. Behobia-Donostia lasterketarako. Aldiz, iaz baino gehiago dira izena eman duten lasterkariak, 30.000 parte hartzaileren muga berreskuratu ostean. Guztira, 29.301 korrikalarik izango dute aukera 20,1 kilometroko ibilbidea egiteko. Iaz baino 1.500 inguru gehiago izango dira, baina emakume gutxiago. Izan ere, %33,86tik %31,13ra jaitsi da izena eman duten emakumezkoen kopurua: iazko 9.474tik aurtengo 9.121ra.
Gaur goizean, ohiko prentsaurreko teknikoa egin du Fortuna Kirol Elkarteak, Pio Baroja kiroldegian. Iñigo Etxeberria lasterketaren koordinatzailea arduratu da datuak, argibideak eta beste emateaz. Kopuru orokorrarekin “pozik” agertu da, baina aitortu du “triste samar” dagoela emakumeen partaide kopuruak izan duen beherakadarekin: “Azken egunotan 715 bat emakumek baja eman dute, eta 500 gizonek alta eman dute. Kataluniako parte hartzaileen beherakadak ere ez du lagundu, emakumezkoen kopurua areagotzen dutelako. Espero dugu koxka txiki bat izatea, eta datorren urtean gehiagok parte hartzea”.
Trenbide sareko lanengatik, 2024ko eta 2025ko Behobia-Donostiaren izen emate kopurua murriztea erabaki zuten. Ordea, lanak bukatuta, 2022an ezarritako 30.000 lasterkarien langa berreskuratu dute. Dena dela, izena emateko sistema aldatzea erabaki zuten, eta zozketa bidezko sistema berria estreinatu zuten pasa den apirilean. Batez ere, Internet bidezko pilaketa saihesteko. Helburu hori bete arren, autokritika egin nahi izan du Etxeberriak: “Ondo banatu ziren dortsalak, baina sistema ez da perfektua, eta beste ondorio batzuk izan ditu. Esaterako, izen emate aldaketa askoz gehiago egon dira. Iaz, 3.500 izan ziren iaz, eta, aurten, dagoeneko 4.600 pasa dira. Gustatuko litzaigukeena da izena ematen duenak parte hartzea lasterketan”.
Berritasun ugari
61. Behobia Donostiak hainbat berritasun izango ditu. “Pozgarrienetako bat” Behobia Txikia berreskuratzea izango dela nabarmendu du Etxeberriak. Iazkoa ezin izan zuten egin Anoetako estadio txikiko lanengatik. Aurten, ordea, prest dago estadio txiki berritua 4 eta 13 urte bitarteko haurrak hartzeko. Larunbatean izango da, hilaren 7an, 15:00etatik aurrera. 2.400 haurrek parte hartuko dute, adinka banatuta. Bildutako dirua Aspanogi Gipuzkoako Haur Onkologikoen Guraso Elkarteari emango diote.
Igandeko lasterketak ere hainbat nobedade izango ditu. Abiatu aurretik, aurreskua dantzatuko dute Behobiako irteeran, Eraiki dantza taldeko lau dantzariren eta txistulari baten eskutik. Ondoren, lasterketak ohiko ordutegia izango du. 09:30ean irtengo dira eskuzko txirrindulariak, eta haien ostean patinatzaileak. 09:55ean aterako dira eliteko emakumeak, eta bost minutu geroago, 10:00etan, gizonezkoak. Gainerako parte hartzaileak hemeretzi multzotan sailkatuta aterako dira, eta azkena 11:35ean abiatuko da. Bestalde, lehen aldiz, lasterketa itxiko duen erbi bat egongo da.
Helmugan, beste berritasun bat egongo da. Lasterketa bukatzen dutenek, haien izena eta denbora grabatu ahal izango dute dominan. Zerbitzua aurrez kontratatu zitekeen, baina lasterketa egunean ere egin ahal izango da Alderdi Ederren jarriko duten karpa batean.
Hautagai nagusiak
Elite mailako lehian ez dago hautagai nagusi argirik, baina hainbat atleta ezagunek parte hartuko dute. Emakumezkoetan, Katherine Ruth Tisalema iazko irabazlea da faboritoetako bat, Elena Loyo arabarrarekin eta Mireia Guarner 2024ko garailearekin batera. Gizonezkoetan, berriz, Raul Celada pasa den urteko onenak garaipena errepikatzeko aukera izango du. Javi Guerra eta Iraitz Arrospide izango ditu lehiakide, besteak beste.

