Hiria egituratzen duen ibaia ardatz, irteera didaktikoa antolatu dute
Urumea ibaia.Cristina Enea fundazioa “Urumea ibaia Donostiaren ardatz egituratzailea izan da” ziurtatu du Cristina Enea fundazioak. Horregatik, hilak 22an, igandea, bi irteera antolatu dituzte ibaiaren dinamikak eta arroa, ibaiertzetako baserriak, ibaiaren ustiapena eta erabilera sozialaren inguruan hitz egiteko. Lehenengo irteera, 10:30ean, gazteleraz izango da, eta bigarrena, 12:00etan, euskaraz.
Urumeako Atlas Emozionala erakusketarekin bat datoz irteerak; erakusketak ere hiria egituratzen duen ibaiak donostiarrengan sortutako emozioak, bizipenak, kontakizunak eta oroitzapenak ditu ardatz eta. Bertan jarri dituzten panel didaktikoak hartu dituzte oinarri irteerak prestatzeko.
Ibilbideak 3 kilometro izango ditu eta ibilbide irisgarri bezala diseinatua dagoela ziurtatu du Jose Maria Hernandez Cristina Enea fundazioko zuzendariak. Bi eurotara jarri dute izen ematea eta haien webgunean egin daiteke.

