'Urumeako Atlas Emozionala' erakusketa zabaldu dute Gladys Enean
Ireki dute 'Urumearen Atlas Emozionala' erakusketa.Cristina Enea fundazioa Joan den ostiraletik, hilaren 2tik, Urumeako Atlas Emozionala erakusketa dago ikusgai Gladys Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean. Hiria egituratzen duen ibaiak donostiarrengan sortutako emozioak, bizipenak, kontakizunak eta oroitzapenak ditu ardatz. Erakusketa 2027ko martxoaren 21era arte bisitatu ahal izango da.
Proiektuak herritarrek parte hartzeko prozesu zabala izan du hasiera-hasieratik. Inkesta pertsonalen, lantaldeen eta saio irekien bitartez, herritarrek Urumearekin dituzten lotura afektibo, sozial, historiko eta egunerokoak identifikatu zituzten. Lanketa horren ondorioz, gehien errepikatzen ziren hamar gaiak zehaztu eta urte hasieran argitalpen batean jaso zituzten. Orain, azken fase honetan, idatzizko eduki horiek prozesu, irudi, soinu, objektu eta jarduera bihurtu dituzte.
Iñigo Garcia Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, Urumea “Donostiaren nortasunaren eta auzotarren eguneroko bizitzaren parte da”, eta proiektu honek ibaira beste ikuspegi batetik hurbiltzeko aukera ematen du, pertsonek ibaiaren inguruan bizi, sentitu eta eraiki duten guztian fokua jarriz.
Lankidetzak eta parte hartzea
Erakusketan, ibaiari lotutako kontakizunek askotariko formak hartzen dituzte: ura, soinua, irudia, objektuak, argia, brodatua, interakzioa, ahozko memoria eta euskarri digitalak. Horretarako, ondare piezak eta hainbat sortzaileren lanak bildu dituzte; besteak beste, Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak lagatako pieza batzuk, Nagore Legarreta argazkilariaren beste batzuk eta Jaime de los Rios artista bisualaren beste batzuk.
Dimentsio parte hartzailea da erakusketaren elementu nagusietako bat; izan ere, bisitariek, balio historiko eta kulturaleko piezak behatzeaz gain, beren presentziarekin, mugimenduekin eta ekintzekin hainbat instalazio aktibatu eta osatu ahal izango dituzte.

