«Ez dugu eserita egon eta hitz egiteko lekurik ere»
Zabaleta kaleko Zabaltza elkartearen egoitzak 2025eko abenduaren 22an itxi zituen ateak, eta bazkideak lokal propiorik gabe geratu ziren. Udalak behin-behineko irtenbide bat eman zien martxoan, baina «oso eskasa» dela diote, eta leku aproposago bat nahi dute.
Maxose Calafell auzo elkartearekin partekatzen duten aretoan. Maitane Aldanondo Donostiako auzo zahartuena da Gros. Udalaren 2025eko demografia datuen arabera, 18.000 bat auzotar ditu eta %313ko zahartze indizea, hau da, 16 urtetik beherako ehun gazteko, 313 dira 65 urtetik gorakoak. Adinekoak ugari badira ere, jubilatu elkarte bakarra dute auzoan, Zabaltza, eta haren topaleku nagusia zen espazioa galdu egin zuten iaz. Irtenbidea, behin-behinekoa bada ere, bi hilabete geroago topatu zuen udalak. Erabiltzaileak, ordea, ez daude pozik. «Ikusten dut ez gaudela zainduta», laburbildu du elkarteko bokala den Maxose Calafellek.
Zabaltzaren gainbehera ez zen bat-batekoa izan. 1982an zabaldu zituen ateak Zabaleta kalean, eta hamabost bat urte geroago, araudia betetzen ez zuela jakinarazi zien udalak arduradunei. Urtetan ez zuten aukera aproposik topatu, eta iazko urrian jaso zuten lokala uzteko agindua. Protesta eta ahaleginak egin bazituzten ere, ez zuten amaiera saihesterik izan. Horrekin batera agurtu zen zuzendaritza taldea ere, eta elkartea ez desagertzeko, sei bazkidek pauso bat aurrera eman zuten.
Horietako bat da Calafell. Azken hilabeteetako bidea eta egungo egoeraren berri eman dio Irutxuloko Hitzari eta martxotik erabilgarri dituzten espazioak erakutsi: Berminghan kaleko BSiete tabernan txoko bat eta beheko solairua eta, astean hirutan, Nafarroa Beherea plazan auzo elkarteak duen lokala. Bertan, tailerrak ematen dituzte talde txikietan, baina jendea kabitzen ez denez, «erreserba zerrenda luzea» pilatu zaiela azaldu du zuzendaritzako kideak. Oro har, irtenbidea «oso eskasa» eta egoera «larria» dela dio.
Goxotasun falta
Tabernako beheko aldea ez dute erabiltzen, irisgarritasun arazoengatik, eta txokoan «pare bat orduz», arratsaldeko seietatik zortzietara bitarte, soilik egon daitezke. Are gehiago, pintxo-pote egunetan lehenago utzi behar izaten dute; eta tabernaren atseden egunetan, noski, itxita dago. Arazo gehigarri bat dute, izan ere, hara, gizonak joaten dira kartetan jokatzera, baina emakumeek, Calafellek arrazoia zein den ez badaki ere, lokalean aritzea nahiago dute. Menua eta jan-edana merkeago dituzte, baina ez dute bazkide direnen eta ez direnen artean bereizterik.
Gros hiriko auzo zaharkituena izanik, betirako izango den lokal bat «merezi» dutela uste dute elkarteko arduradunek
Zabaletako lokala «ez zen munduko onena izango», baina egoitza «goxoa» zela dio Calafellek; askorentzat hara joatea eguneko irteera bakarra zen. Auzotarren errealitatea askotarikoa dela ere nabarmendu du kideak, batzuek pentsio «polita» eta baliabideak badituzte ere, beste askok pentsio murriztuak dituzte eta «ez daukate etxean berogailua pizteko dirurik». «Jende oso zaurgarria dago, elkartera egotera soilik zetorrena, solasean egin, kafetxo bat hartu…», gaineratu du. Hori zuten lokal zaharrean; orain, ordea, ez dute «eserita egon eta hitz egiteko lekurik ere».
Aipatu murrizketen ondorioz, hainbat lagunek baja ematea erabaki dute, ez baitiote zentzurik ikusten urtean 15 euro ordaintzeari. 120 bat bazkide dira egun, eta Calafell kexu da Groseko jubilatu elkarte bakarra izanik ere elkarteak 175 bazkideko muga duelako; Erdialdek, aldiz, «milatik gora» bazkide ditu. «Nor gara gu bati baietz eta besteari ezetz esateko? Adinekoentzat guztiz irekia izan behar du». Udalari galdetuta, azaldu du muga hori elkarte bakoitzaren ezaugarrien eta berezitasunen arabera adosten dutela elkarteak berak eta udalak.
Arazoaren oinarrian inbertsio eta borondate politikoaren falta ikusten dute elkarteko kideek. Calafellentzat, ordea, ulertezina da politika hori. Bere ustez, lokal berria epe luzera pentsatutako inbertsio bat izan beharko luke, 50 urterako balioko lukeen toki bat erosiz eta atonduz. Kritiko azaldu da udalaren jarrerarekin: «Ahoa betetzen dute agureak eta zaharrak zaindu behar direla esaten, baina dirurik ez dago. Dirurik ez dago adinekoentzako ala denontzako?». Halako egoeran egonda GOE egiteko lurrak «merke» eman izana salatu du eta eraikin horretan leku bat uzteko eskatu dutela ere gogoratu du, une honetan erabili gabeko gela asko baitaude.
Ez dute beren egoera salatzeko manifestazioak egiterik baztertzen. «Ez dugu horretara heldu nahi, baina horrela egon ere ez», ohartarazi du. Kexatzeko arrazoiak sobera dituztela uste dute, eta argi dute zer behar duten. «Merezi dugu leku on bat, eta ez bi edo bost urterako, betirako baizik. Gros auzo handia da eta behar du lokal eder bat adinekoak egoteko».
Lokal bila
Behin-behineko egoera noiz arte luzatuko den ez badakite ere, udalak jakinarazi die bizpahiru urtetan alokatzeko dirua soilik egongo dela. Une honetan, udalak 5.000 euro ordaintzen dizkio hilero BSiete tabernari gunea erabiltzeagatik. Edonola, udalak aldizkari honi zehaztu dionez, datorren urtean kopuru hori murriztu egingo du, 36.000 euro aurreikusi baititu. Irtenbidearen iraupenari buruz galdetuta, berriz, «elkartearen beharrak betetzen dituen beste toki egoki bat aurkitu arte» luzatuko dela baieztatu du, eta gehitu, «etengabe» ari direla lanean egoera «ahalik eta lasterren» konpontzeko.
Zuzendaritzako kideak lokal bila dabiltza. Auzoan bi topatu dituzte eta udalari eman diote horien berri, azter ditzan
Hala ere, auzoko lokalak begiratzen ari dira Zabaltzako zuzendaritzako kideak. Bi aukera aurkitu dituzte. Bat San Frantzisko kalean dago. Bi solairu ditu, baina, Calafellen iritziz, igogailua jartzea ez litzatekeela garestia izango: «Udal batentzat ez da diru asko 100.000 edo 200.000 euro inbertitzea. Orain ordaintzen ari direnarekin bi urtean igogailu baten kostua estaliko lukete». Gainera, egungo alokairua baino hilean 3.000 euro merkeagoa litzateke. Ostalaritza zerbitzurik ere ez luke izango, baina kafe makinekin edo kanpoko tabernaren batekin akordioa eginda moldatuko liratekeela uste dute. Beste balizko egoitza, Agirre Miramon kalean dago. Lokala udalarena denez, «merkeagoa» da, eta atondu behar balitz ere, «betirako» litzatekeela argudiatu du Calafellek.
Zabaltzako arduradunek bitan jakinarazi dizkiote proposamenak Gizarte Ekintzako zinegotzi Maria Jesus Idoetari. Bigarren mezuari erantzunez, San Frantzisko kalekoaren baldintzak aztertzen ari direla esan die, eta ondoren, bilera deituko duela. Agirre Miramongoari buruz udalak Irutxuloko Hitzari erantzun dio «aukera elkartearekin landu» duela eta hala egiten jarraituko duela.

