Realak oroitzapen eder hura berritzeko aukera izango du
Txuri-urdinek Olympique Lyon talde frantziarra hartuko dute gaur Anoetan, Europa ligako partida garrantzitsuan (18:45).
Sergio Gomez Lillestromi egindako gol bat ospatzen, Europa ligako partidan.Reala Hamahiru urte luze pasatu dira, baina Realaren zale askok gogoan izango dute Txapeldunen Ligako atariko hura. 2013an, txuri-urdinek Olympique Lyon gainditu zuten, joaneko eta itzulerako neurketa gogoangarriekin. Griezmann, Seferovic eta Vela jokalarien gol ederrei esker kanporatu zituzten frantziarrak. Gaurkoa, ordea, bestelakoa izango da, Europa ligan ariko baitira aurrez aurre.
Realak eta Olympique Lyonek ligaxkako partida garrantzitsua jokatuko dute Anoetan, 18:45etik aurrera. Biek dute helburu sailkapeneko zortzi onenen artean sailkatzea, eta, beraz, irabazteak balio gehigarria dauka. Are gehiago, txuri-urdinentzat, etxean oraindik ez dutelako Europako partidarik irabazi. Hori bai, Aurreko jardunaldian Lillestrom gol festarekin menderatu ostean (0-6), aurkari askoz ere zailagoa izango dute. Athleticen kontrako euskal derbiko porrot baldintzatuari buelta emateko erronka aproposa da.
Frantziarrak entrenatzailea aldatu berritan etorri dira Donostiara. Izan ere, Paulo Fonsecak Portugaleko Sportingen eskaintza onartzea erabaki zuen. Ondorioz, Jorge Maciel behin-behineko prestatzaileak hartu du Lyonen gidaritza. Horrek ez du esan nahi haien maila apalduko denik, jokalari esanguratsuak dituztelako. Corentin Tolisso, Ernest Nuamah, Keito Nakamura eta Dominik Greif —Mallorcaren aurkako kopako finalerdietan txuri-urdinak kanporatu zituen atezaina— aintzat hartzekoak izango dira.
Pellegrino Matarazzok zelairatu dezakeen hasierako hamaikakoari dagokionez, baliteke orain artekoari eustea. Hau da, Marrero izatea atezaina. Gainerako postuetan aldaketak egon daitezke. Atzeko lerroan, Aramburu eta Sergio Gomez espero dira hegaletan, eta Jon Martin eta Sarr erdian. Aldiz, Herrera eta Turrientes espero dira erdialdean, eta lau jokalari baliatu ditzake entrenatzaile estatubatuarrak erasorako: Oiartzabal kapitaina, Barrenetxea, Guedes eta Oskarsson.

