Abiatzeko prest dago 61. Behobia-Donostia
61. Behobia-Donostia lasterketaren udaletxeko aurkezpena.Donostiako Udala Bi egun falta dira 61. Behobia-Donostia lasterketa jokatzeko, eta ostiral goizean, Donostiako Udaletxeko ohiko aurkezpena egin dute. Etzi, hilak 8, izango den probarako 29.301 korrikalarik eman dute izena, eta 20,1 kilometroko ibilbide gorabeheratsua egin beharko dute Behobiatik Donostiara.
Fortuna Kirol Elkarte antolatzaileak gogoratu duenez, lehen irteerak 9:30ean izango dira, gurpil aulkiko eta eskuzko bizikleten modalitateetako parte hartzaileekin. 09:35ean abiatuko dira patinatzaileak, eta 09:55ean hasiko dira dortsal koloreen araberako irteerak, taldeka eta mailaka banatuta. Lehenik, eliteko emakumezkoak eta gizonezkoak abiatuko dira. Gehienez ere 2 ordu eta 35 minutuko epea izango dute korrikalariek ibilbidea osatzeko, bakoitzaren irteera ordutik zenbatzen hasita. Antolakuntzaren aurreikuspenen arabera, 60.000 ikusle inguru bilduko dira ibilbide osoan zehar.
Aurten, 30.000 parte hartzaileko gehieneko kopurura hurbildu direla nabarmendu du Fortunak, batez ere, trenbide sareko lanek murrizturiko partaidetza lehengoratu dutelako. Tamalez, ordea, emakumeen partaidetzak behera egin duela aitortu dute, askotariko faktoreengatik.
Behobia Txikia, estadio txikian
61. Behobia-Donostiaren programazioa bihar, hilak 7, hasiko da Anoetako estadio txikian. Izan ere, XVIII. Behobia Txikia egingo dute han. 4 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzendurikoa da, eta parte hartzaileak bost kategoriatan banatuko dituzte, adinaren araberako distantzia eta ordutegiekin.
Lasterketak 15:00etan hasiko dira, 10-11 urteko haurren (800 metro) eta 12-13 urtekoen (1.200 metro) kategorietako irteerekin. 15:30ean, 8 eta 9 urteko parte hartzaileen txanda izango da, 400 metroko ibilbidearekin. Ondoren, 16:00etan, 6 eta 7 urteko haurrek 200 metroko lasterketa egingo dute. Azkenik, 16:30ean, txikienen txanda izango da: 4 eta 5 urtekoek ere 200 metro egingo dituzte. Tanda bakoitzaren amaieran, parte hartzaileek askaria eta domina jasoko dituzte.
Bildutako diru guztia Aspanogi Gipuzkoako Minbizia duten Haurren Familien Elkarteari emango diote.

