Anoeta estadioaren izena «defendatzeko» kanpaina abiatuko dute
Zenbait langile, 2025ean, Reale aseguru etxearen izena Anoeta estadiotik kentzen.@XxMiguHxX Bultzadak eta Realeko zale, bazkide eta zale taldek ugarik sustatuta, “Anoetaren izena defendatzeko eta klubari estadioaren jatorrizko izena mantentzeko eskatzeko” kanpaina abiatuko dute igandean (hilak 8).
Zehazki, Realaren eta Rayo Vallecanoren arteko partidaren aurretik, realzale oro deitu dute talde argazkia egitera; 15:45ean egingo dute, estadioaren 5. eta 6. ateen artean: “Ahalik eta zale gehien biltzea da helburua, Anoetaren izenaren defentsarekin bat egiten duen afizioaren konpromisoa irudikatuko duen argazkia osatzeko”. Horrez gain, Anoeta izena mantentzearen aldeko sinadura bilketa abiatuko dute egun berean.
“Anoeta kirol esparru bat edo publizitate aktibo bat baino askoz gehiago da. Belaunaldien arteko topagunea da, oroitzapen partekatuak eraiki diren eszenatokia eta zale txuri-urdinen nortasunaren funtsezko osagaia”, nabarmendu dute sustatzaileek. Ildo beretik, “futbolaren gero eta komertzializazio handiagoaren ondorioz, interes ekonomikoak eta babesletza estrategiak kluben historiaren, ikurren eta kidetasun sentimenduaren gainetik jartzen ari dira, sarritan”, deitoratu dute.
Horrela, igandeko partidaren aurretik, informazio orriak banatuko dituzte estadioaren kanpoaldean, QR kode batekin, hori eskaneatuta zuzenean sinatu ahal izateko. “Anoeta ez da izen huts bat”, aldarrikatu dute.

