«Arte eszenikoetan ertzetan geratzen diren proposamenak erakutsi nahi ditugu»
Zortzigarrenez egingo dute LABO XL jaialdia, hilaren 12tik 15era, konexioak ardatz. Lau egunez, dantza, antzerkia eta zirku garaikidea izango dira protagonista. Ikuskizunez gain, profesionalen arteko topaketak egongo dira, zubiak eraikitzeko.
Ion Estala LABOko zuzendaria eta Ana Barrantes ekoizpen burua, jaialdiaren aurkezpen prentsaurrekoan.Beñat Parra Konexioak dira aurtengo LABO jaialdiaren ardatza. Zer esan nahi du?
Urtez urte, antolakuntza hobetzen joan gara, eta gero eta talde eraginkorragoa dugu. Hori publikoak eta artistek ere nabaritzen dute. Antolakuntza on batetik abiatzen bada, energia hori zabaldu egiten da. Aurten, konexioetan jarri dugu fokua. Konexioa antolakuntzatik bertatik hasten da, eta hortik zabaltzen da publikoarengana, programatzaileengana eta gainerako kultur eragileengana. LABO plaza bat izatea nahi dugu, jatorri eta eremu desberdinetako jendeak elkar ezagutzeko eta harremanak sortzeko aukera izan dezan.
Nola lantzen dituzue konexio horiek jaialdiaren egitarauan?
Jaialdiaren egiturak bi alderdi ditu: batetik, arratsaldeetan ikuskizunez gozatzeko aukera dago; bestetik, goizetan topaketak antolatzen ditugu. Goiz horiek artistek, programatzaileek eta beste edozein kultur eragilek elkar ezagutzeko, proposamen berriak ikusteko eta ideiak partekatzeko guneak dira. Urteak igaro ahala, LABOk bere gain hartu du topagune izateko ardura hori. Jaialdiaren ardatz nagusia, noski, ikuskizunak dira: aurten, 22 konpainiaren 22 ikuskizun daude programatuta. Baina goizeko topaketak ere funtsezkoak dira. Goizean hitz egiten diren ideiak arratsaldeko emanaldietan ikus daitezke, eta horixe da konexioaren zentzua: hausnarketatik praktikara igarotzea.
Zer motatako topaketak antolatu dituzue aurten?
Goizetan, bitartekaritza ekintzak egiten ditugu, eta lau topaketa antolatu ditugu. Ostegunean, dantzaren sektoreari buruz hitz egingo dugu, munduan eta komunitatean bizi duen egoeraz. Ostiral goizean, berriz, bilera txikiak egingo ditugu: oso ekintza indartsua da, hogeitik gora mahai sortzen baitira, artistek eta programazioaren arduradunek elkar ezagutzeko eta harremanak egiteko.
Larunbatean, programazio bereziei eta horien inguruko esperientziei buruz hausnartuko dugu. Arte eszenikoen diziplinak gero eta nahasiago daude: dantzak zirkuarekin eta antzerkiarekin bat egiten du, besteak beste. Horregatik, programazio bereziak osatzeko moduez eta horien atzean dauden hausnarketez hitz egingo dugu, bereziki sektoreko profesionalei begira.
Nazioarteko konexioak ere sustatzen dituzue. Zer nabarmenduko zenuke?
Konexio horien bidez, leku eta eremu interesgarrietako eragileak ekartzen saiatzen gara. Portugalgo konpainiekin eta programatzaileekin, Euskal Herriko kultur eragileekin eta Espainiako beste profesional batzuekin harremanak sustatu ditugu. Aurten, gainera, balearrak izango ditugu bisitari berezi; Mallorcako FiraB! jaialdiarekin zubi bat eraiki dugu Euskal Herriaren eta Balear Uharteen artean. Urrian, hemengo hiru konpainia izan ziren han, eta, orain, hango lau konpainia eta programatzaile bat etorriko dira gurera.
Bestalde, Estoniarekin ere ari gara lanean. Estoniako konpainia batek Gazteszenan aurkeztuko du bere lana, eta herrialde horretako bi programatzaile ere izango ditugu jaialdian.
Harreman horiek bi noranzko dituzte?
Bai, hori da gure helburua: bi noranzkoko bide bat sortzea. Ez dugu inor ekarri nahi, gero zubi horrek jarraipenik izango ez badu. LABO konexio horiek garatzeko kanal bat da. Euskal Herriko hiru konpainia Mallorcako FiraB! jaialdira joan dira. Truke moduko bat da, alde biek aukera izan dezaten beren lana erakusteko eta beste leku batzuetako programatzaileekin harremanetan jartzeko.
Zer aurkituko du ikusleak LABOn? Zerk egiten du jaialdia berezi?
Lengoaia eta espazio berriak ezagutzeko aukera ematen duen jaialdia da. Dantza, antzerkia eta zirku garaikidea ikusiko ditugu, baina ikuspegi oso garaikide eta performatibo batetik. Ohiko errepresentazioetatik harago joan, eta arte eszenikoetan ertzetan edo bazterrean geratzen diren proposamenak erakutsi nahi ditugu.
Bestalde, dena lau egunetan kontzentratzen da. Egun bakoitzean ibilbide bat proposatzen dugu: ikuslea, esaterako, 17:00etan espazio batean egon daiteke, eta 18:00etan beste batera joan. Tabakalerako espazio desberdinak zeharkatzeko aukera ematen dugu, eta leku bakoitzerako berariaz aukeratzen dugu pieza. Ez ditugu ikuskizun guztiak modu berean programatzen, espazio bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen baititugu.
Zein izango dira edizio honetako ardatz artistiko nagusiak?
Dantzari garrantzi berezia ematen saiatzen gara beti. Mugimendua eta gorputza dira protagonistak, baina zirkuak eta antzerkiak ere beren lekua dute egitarauan. Emakumeen presentzia ere oso garrantzitsua da guretzat, ez soilik interprete gisa, baita zuzendari, teknikari eta ekoizle gisa ere. Foku horiek funtsezkoak dira guretzat, eta jaialdiaren izaeraren parte dira.
Nola banatuko da egitaraua lau egunetan?
Egun bakoitza bidaia moduko bat da. Ostegunean izango da inaugurazioa, dantza ardatz hartuta. Ostirala izango da egun garaikideena, proposamen performatibo eta ausartekin. Larunbatean, antzerkia eta dantza uztartzen dituzten pieza indartsuak izango ditugu. Igandea, berriz, familia osoarentzako izango da. Igande goizean, Piszifaktoriaren pieza bat eskainiko dugu, 40 lagunentzako edukierarekin. Oso proposamen sentikorra da, eta pertsona itsuentzat prestatuta dago. Igande arratsaldean, zirku garaikideko pieza bat izango da ikusgai. Kontuan izan behar da ikuskizun batzuk doakoak direla eta beste batzuetarako sarrera erosi behar dela.


