Aurreskua, azken erbia eta helmugako oroigarri berezia
61. Behobia-Donostiak berritasun ugari izango ditu. Guztira, 29.301 korrikalarik eman dute izena etzi jokatuko den lasterketarako; iaz baino 1.500 gehiagok. Aldiz, emakumeen kopurua jaitsi egin da, %34tik %31ra, eta antolatzaileek aitortu dute «triste samar» daudela.
Hainbat lasterkari Bulebarreko helmugara iristen, iazko Behobia-Donostian.Nagore Garmendia Atzera kontaketak ez du etenik. Igandean, hilaren 8an, Behobiatik Donostiara bitarteko lasterketa egingo dute 61. aldiz. Iaz baino gehiago dira izena eman duten lasterkariak, 30.000 parte hartzaileren muga berreskuratu ostean. Guztira, 29.301 korrikalarik izango dute aukera 20,1 kilometroko ibilbidea egiteko. Iaz baino 1.500 inguru gehiago izango dira, baina emakume gutxiago. Izan ere, %33,86tik %31,13ra jaitsi da izena eman duten emakumezkoen kopurua: iazko 9.474tik aurtengo 9.121ra.
Kopuru orokorrarekin «pozik» dago Iñigo Etxeberria lasterketaren koordinatzailea, baina aitortu du «triste samar» daudela emakumeen partaide kopuruak izan duen beherakadarekin: «Azken egunotan 715 bat emakumek baja eman dute, eta 500 gizonek alta eman dute. Kataluniako parte hartzaileen beherakadak ere ez du lagundu, emakumezkoen kopurua areagotzen dutelako. Espero dugu koxka txiki bat izatea, eta datorren urtean gehiagok parte hartzea».
Trenbide sareko lanengatik, 2024ko eta 2025ko Behobia-Donostiaren izen emate kopurua murriztea erabaki zuten. Ordea, lanak bukatuta, 2022an ezarritako 30.000 lasterkarien langa berreskuratu dute. Dena dela, izena emateko sistema aldatzea erabaki zuten, eta zozketa bidezko sistema berria estreinatu zuten pasa den apirilean. Batez ere, Internet bidezko pilaketa saihesteko. Helburu hori bete arren, autokritika egin nahi izan du Etxeberriak: «Ondo banatu ziren dortsalak, baina sistema ez da perfektua, eta beste ondorio batzuk izan ditu. Esaterako, izen emate aldaketa askoz gehiago egon dira. Iaz, 3.500 izan ziren, eta, aurten, dagoeneko 4.600 pasa dira. Gustatuko litzaigukeena da izena ematen duenak parte hartzea lasterketan».
Aurreskua eta atzeskua
Nobedade deigarriak ditu 61. Behobia-Donostiak. Esan ohi denez, aurreak erakusten du atzea nola dantzatu. Aldiz, parte hartuko duten lasterkariek korrika egin beharko dute, dantzan aritu ordez. Tira, dantzarik izango da. Izan ere, estreinako aldiz, aurreskua dantzatuko dute Behobiako irteeran. Horretaz arduratuko dira Irungo Eraiki dantza taldeko dantzariak eta txistulariak. Atzeskua, berriz, aurreneko aldiz lasterketa itxiko duen erbia izango da. Hark jarritako erritmoa jarraitzerik ez dutenek, lasterketa utzi beharko dute, baina helburua amaitzeko laguntza izatea da.
Helmugan, beste berritasun bat egongo da. Lasterketa bukatzen dutenek, haien izena eta denbora grabatu ahal izango dute dominan. Zerbitzua aurrez kontratatu zitekeen, baina lasterketa egunean ere egin ahal izango da Alderdi Ederren jarriko duten karpa batean.
Aldiz, nobedade pozgarrienetako bat Behobia Txikia berreskuratzea izango dela nabarmendu du antolakuntzak. Iazkoa ezin izan zuten egin Anoetako estadio txikiko lanengatik. Aurten, ordea, prest dago estadio txiki berritua 4 eta 13 urte bitarteko haurrak hartzeko. Larunbatean izango da, hilaren 7an, 15:00etatik aurrera. 2.400 haurrek parte hartuko dute, adinka banatuta. Bildutako dirua Aspanogi Gipuzkoako Haur Onkologikoen Guraso Elkarteari emango diote.
Ohiko ordutegia eta hego haizea
Lasterketak ohiko ordutegia izango du. 09:30ean irtengo dira eskuzko txirrindulariak, eta haien ostean patinatzaileak. 09:55ean aterako dira eliteko emakumeak, eta bost minutu geroago, 10:00etan, gizonezkoak. Gainerako parte hartzaileak hemeretzi multzotan sailkatuta aterako dira, eta azkena 11:35ean abiatuko da.
Eguraldiari dagokionez, antolakuntzak ohartarazi du hego haizea dagoela iragarrita astebururako. Beroa izan ohi da Behobia-Donostiako lasterkariek saihestu nahi izaten dutena. Etzi horrelako giroa baldin badago, oharrak banatuko dituzte.
Hautagai nagusiak
Elite mailako lehian ez dago hautagai nagusi argirik, baina hainbat atleta ezagunek parte hartuko dute. Emakumezkoetan, Katherine Ruth Tisalema iazko irabazlea da faboritoetako bat, Elena Loyo arabarrarekin eta Mireia Guarner 2024ko garailearekin batera. Gizonezkoetan, berriz, Raul Celada pasa den urteko onenak garaipena errepikatzeko aukera izango du. Javi Guerra eta Iraitz Arrospide izango ditu lehiakide, besteak beste.

