'Ghost in the Cell' filmak irabazi du Beldurrezko Astearen Ikusleen Saria
'Ghost in the Cell' filmaren fotograma bat.Beldurrezko Astea Gaur (hilak 6) bukatuko da Donostiako 37. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, eta, ohiko legez, palmaresaren berri eman du dagoeneko jaialdiak. Horrela, Hego Korean eta Indonesian ekoitzitako Ghost in the Cell film luzeak (Joko Anwar, 2026) irabazi du Ikusleen Saria, 8,35 puntu eskuratuta. Sanguine (Marion Le Corroller, 2026) eta L’estranea (Paolo Strippoli, 2026) filmak gelditu dira bigarren (8,11 puntu) eta hirugarren postuetan (7,40 puntu), eta inaugurazioan proiektatu zuten Salitre (Norma Vila, 2026) izan da azken sailkatua (4,93 puntu).
Bestalde, ikusleen gainontzeko sariak film hauek irabazi dituzte: The Seeing Eye Dog Who Saw Too Much (Eric Jackowitz, 2025) filmak film labur onenarena, Zwermen (Janneke Swinkels eta Tim Frijsinger, 2025) lanak animaziozko film labur onenarena eta Amor de padre (Caye Casas, 2026) Espainiako Estatuko film labur onenarena.
Epaimahaiaren sariei dagokienez, The Last Jiangshi (Yu Chih-Chieh, 2026) filmak eskuratu du film labur onenaren saria eta Insecticida (Paula Gallego, 2026) lanarentzat izan da Europako fantasiazko film labur onenaren Zilarrezko Meliès garaikurra. Gazte epaimahaiak, bestalde, The Seeing Eye Dog Who Saw Too Much film laburra saritu du.
Horrez gain, ainontzeko sariak lan hauentzako izan dira: Señuelo (SciFi Saria Espainiako film labur onenari), Azpian (EITB Saria euskal film labur onenari) eta No Rest for the Wicked (Blogos de Oro Saria film luze onenari). Azkenik, Fanzine Onenaren Ikusleen Saria Pantxineta Endemoniata-k irabazi du, 7,43 punturekin.

