'Lokal Egunak' kanpainak 10.000 eurotik gora banatuko ditu Donostiako auzoetako saltokietan
Saltoki txiki bat.Beñat Parra Donostiako auzoetako sei merkatari elkartek indarrak batu dituzte Lokal Egunak ekimena martxan jartzeko: Amarako Dendak, Antiguon, DGros, Hegian, Zaharrean eta Zentroan. Kanpaina honen bitartez, 10.000 euro baino gehiago banatuko dituzte bezeroen artean opari txartel moduan, hilaren 26ra bitarte.
Merkataritza Federazioak bultzatu du ekinbidea, Donostiako Sustapenaren eta San Sebastian Shops erakundeen babesarekin. Helburua da hilaren 27ko Black Friday-ren aurreko asteak tokiko merkataritzaren kolorez eta giroz janztea, betiere hurbileko dendek eskaintzen duten “tratu pertsonala” aldarrikatuz.
Nola funtzionatzen du?
Erosketak egitera doazen herritarrak auzo ezberdinetako saltokiak ezagutzera animatu nahi dituzte. Horretarako, kanpainarekin bat egin duen edozein dendatan erosketa bat egiterakoan, bezeroak QR kode bat eta pasahitz bakar bat dituen eskuorri bat jasoko du.
Mugikorrarekin QR kode hori irakurri eta pausoak jarraituz gero, erosleak berehala jakingo du saririk egokitu zaion ala ez. Banatuko diren txartelak 20, 50 eta 100 eurokoak izango dira. Ekimenari atxikitako saltokien zerrenda osoa lokalegunak.com webgunean dago eskuragarri.
Sustatzaileek argi utzi nahi izan dute kanpaina hau omenaldi txiki bat ere badela, gertu erostea aukeratzen dutenei eskerrak emanez.

